2015 UZT. 31 sokatira Gaztedik eta Goiherrik Bilbon erabakiko dute 560koan txapela zeinek eraman J.L. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur. Bilbon izango da, Zorrotza auzoan, 11.30ean hasita, eta bertan erabakiko da 560koan nork eramango duen txapela. Goiherri eta Gaztedi berdinduta heltzen dira amaierako saiora. Biek orain arteko probetan saio bana irabazi dute, eta bestean bigarren izan ziren. Gaur bietakoren batek irabazi beharra dauka, eta berdinduta geratzen baldin badira, kitarakoa jokatu beharko dute. Biak oso parekoak dira eta gainerakoei alde handia kentzen diete. Bietako edozeinek irabaz dezake, eta zaila izango da besteetako batekin galtzea. Hirugarren postua erabakita dagoela dirudi; izan ere, Goiherri B taldeak hiru puntu kentzen dizkio Gaztediren bigarren taldeari, eta gaur zaila izango da Erandiokoek postu hori galtzea. Emozioa azkeneko posturako ere egongo da. Orain arte, eta aurreko pisuetan, Gaztedi C taldea tiraldi guztiak galduz ibili da, baina aurrekoan Mutrikuren aurretik amaitu zuen, eta pisu honetan gutxienez, ez du azkena amaitu nahi. Azkeneko jardunaldi honetan, erabakitzeko asko egongo da.