2015 ABU. 13 CLPBk «crowdfunding» aukerara jo du gaztandegirako 100.000 euro lortzeko CLPB kooperatiba, duela urtebete Alduden zabaldutako gaztandegiaren diru premiei aurre egitearren, finantziazio iturri berrien xerka dabil. Hala, «crowdfunding» aukera baliatu du irail bukaera aitzin 100.000 euro lortu eta ekoizpenen merkaturatzera bideratzeko. Kattin CHILIBOLOST aldude CLPB esne kooperatibaren gaztandegiak urtea bete du. Ibilbide horretan agertu diren zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, baina batez ere etorkizunari begira alor komertziala garatzeko, Aldudeko kooperatibak «crowdfunding» kanpaina abiatzea erabaki du. Irailaren 28ra bitarte, ekoizleek 100.000 euro lortu nahi dituzte. Funts horiek produktuen merkaturatzerako baliabideak lortzeko eta sustapen komertzial berriak sortzeko bildu nahi ditu CLPBk. Gaur egun, kooperatibako kideen ekoizpenaren %25 eraldatzen du, baina merkatu eta estrategia berriak garatzea du xede. Diru bilketa uztailaren 29an hasi zen eta orain arte 8.000 euro pasatxo lortu dituzte. «Abiapuntu polita», Nicolas Cachenaut Administrazio Kontseiluko kidearen ustetan. Bi fase Lehen helburuaz gain, irailean bigarren kanpaina bat egitea aurreikusi dute, baina orduan kapitala zabaltzeko aukera eskainiko dute. Partikularren laguntza eskertuko duten arren, fase hori batik bat inbestitzaileei zuzenduko diete. Gisa horretan, elkarteko kideek 500.000 euro lortzea espero dute. Cooperative Laitiere du Pays Basque (CLPB) 1970. urtean sortu zen eta hogei urte geroago 400 ekoizlek parte hartzen zuten taldean. Tokiko produktuei lehentasuna eman eta kalitatezko ekoizpena ziurtatzeko, indarrak batu eta esnetegi industrialei bizkarra ematea deliberatu zuten garaian. Esne-bilketa eta salmentaz gain, gazta ekoizteko urratsa egin zuten eta, hala, 2014ko otsailean gaztandegia zabaldu zuen. ESARIAFinantziazio modu kolektibo honetan parte hartuko duten pertsonek sari bat eskuratuko dute, kooperatibako produktuez osatua, hain zuzen ere.