2015 ABU. 15 Aizkora Euskal Herriko bost onenak lehiatuko dira Donostian Urrezko Kopa izango dute jokoan eta aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko moztu beharko ditu. Jon LEUNDA Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Jon Irazu eta Joseba Otaegi izango dira gaur Donostiako Trinitate Enparantzan, Urrezko Kopa jokatzeko. Saioa 19.30ean hasiko da. Aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko ebaki beharko ditu. Txapelketa ofizialez eta Urrezko Aizkoraz gain, urtean zehar Euskal Herrian jokatzen den aizkora lehiaketarik garrantzitsuena da Urrezko Kopa. Bertan pasa den urtean Euskal Herriko Txapelketako finalean aritu ziren aurreneko bostak lehiatzen dira. Une honetan faboritoa zein den esatea ez da erraza. Aizkolariak erakustaldiz erakustaldi dabiltza, lan askorekin, eta jadanik Euskal Herriko Txapelketari begira ere bai. Dena dela, Aitzol Atutxaren izena agertzen da beste guztien gainetik. Bera da egungo Euskal Herriko txapelduna, baita askorentzat gaurko norgehiagoka irabazteko faboritoa ere. Finala Nafarroan Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatuko da gaur Ezkurrako pilotalekuan, 18.00etan hasita. Bertan izango dira Iruñeko sanferminetan jokatu zen kanporaketako bost aizkolaririk onenak. Jokoan ez dute izango Hirugarren Mailako txapela bakarrik, baita datorren urtean Nafarroako Bigarren Mailan aritzeko txartela ere, aurreneko bi sailkatuek lortzen baitute hori. Oier Kañamares, Joxean Etxeberria, Jon Telletxea, Iosu Agirre eta Moises Gogortza izango dira lanean arituko diren bost aizkolariak. Kirolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Gehienak aizkolari ezezagunak izango dira zaleentzat, eta gaur Ezkurrara joateko beste aitzakia bat izan daiteke hori. Oier Kañamares izan daiteke faboritoa. Aroztegikoak itxura bikaina eman zuen asteartean jokatu zen Euskal Herriko kanporaketan, eta, maila bera mantentzen badu, zaila izango da txapelik gabe edo gutxienez mailaz igo gabe geratzea. Etxeberria II.a da beste faboritoetako bat, eta Gogortza ezkurrarra ere kontuan hartu beharko da, etxean, zaleen aurrean zerbait egingo nahiko baitu.