2015 ABU. 17 Berezkoak Larraldek une honetan sasoiko zein dagoen erakutsi du Zuraideko Torneoan J.L. Larraldek eta Lanbertek irabazi zuten atzo Zuraideko Torneoko finala, Bielleri eta Bilbaori 40 eta 26 irabazita, 68 minutuan pilotan aritu ostean. Larralde izan zen berriro ere partidako protagonista nagusia. Dudarik gabe, txapelketako pilotaririk onena izan da, eta berak markatu zituen atzoko ezberdintasun guztiak. Hasierako lau kintzeetan oreka eta berdintasuna izan zen, baina gero jaun eta jabe izan ziren. Launako berdinketaren ostean, 10-3ko partziala lortu zuten, eta hor hasi ziren finala erabakitzen, jarraian 21-10 jarri baitziren, eta garbi zegoen txapelak nongo bidea hartuko zuen. Larraldek aurrean mendean izan zuen Bielle, eta atzean, Lanbertek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, eta amaieran txapela eurentzat izan zen, ongi merezitako garaipena. Saketik, bost tanto egin zituen Larraldek, eta bi Billek. Jokoan, Larraldek eta Lanbertek 24 kintze egin zituzten, eta galdu, hiru. Beste aldean, 21 egin zituzten Biellek eta Bilbaok, eta galdu, 11. Markagailua honela joan zen: 0-1, 1-1, 4-4, 10-4, 14-7, 21-10, 24-12, 31-17, 34-22, 37-25 eta 40-26. Jendeak berriro ere erantzun bikaina eman zuen, Zuraideko trinketeko harmailak leporaino bete baitziren. Sarrera guztiak agortu egin ziren.