2015 ABU. 28 IKUSMIRA Zezenen malkoak, odolaren usaina Nagore Belastegi Kazetaria Sare sozialetan eztarrian bola bat sortzen duten testigantza horietako bat dabil pil-pilean. Soinu teknikari batek zezenketetan bizi izan duen bizipena kontatzen du. Egunero, zezenaren sufrimendua entzun behar zuen bere entzungailuetatik plazan zeuden ehunka lagunek toreatzailearen lana txalotzen zuten bitartean. Bere ustez, pasodoble eta txaloen ordez mikrofonoak jasotzen dituen soinuak erakutsiko balituzte, ikusleen %90ek telebista itzaliko lukete. Egun batean zezena bere alboan erori zen. Begiradak gurutzatzean malkoak ikusi zituen zezenaren begietan. Egun horretan bertan lana utzi zuen. Ez dut ulertzen nola animaliei min emateko gai den jendea dagoen, nola ikuskizun hori txalotzeko gai den jendea dagoen. Ez dut ulertzen nola senti dezaketen errukia tripak kanpoan dituen toreatzaileagatik, borondatez plazara joan den horrengatik. Sumatzen dudanagatik behintzat, gero eta gehiago dira zezenketen kontra daudenak. Hirietako plaza erdi hutsek zezenketen deuseztatzeranzko norabidea markatu beharko lukete. Bartzelonan badago Arenas deituriko merkataritza zentro bat. 2010ean Katalunian zezenketak deuseztatu aurretik, eraikin horren barnean animaliak hiltzen zituzten. Egun, jendeak gozatzen duen espazio bat da. EH Bilduk antzeko proposamen bat egin zuen Bilboko Vista Alegre zezen plazarako: 365 egunez zabalik egongo den plaza bat, kirolarentzako zein benetako kulturarentzako espazioekin. Amestea ederra da, baina oinak lurrean jartzean Donostian nago, Illunbetik 4 kilometrora. Odol usaina nabari da berriro.