2015 IRA. 12 Aizkora Emozioa, bukaera arte Jardunaldi baten faltan, Aitzol Atutxa heltzen da sailkapeneko lehen postuan, eta dena bere esku dago. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga bere azken txanpara sartzera doa, eta emozioa izango da nagusi hemendik aurrera. Aste honetan bi saio jokatu dira, nahiz eta batean ordezkoek lehiatu behar izan duten. Urdulizen, Aitzol Atutxak irabazi egin zion Donato Larretxeari. Saioa oso polita izan zen, 60 ontzakoa agertu zen arte, hantxe erabaki baitzen dena, nafarrak denbora asko eman baitzuen enbor hori mozten, eta Atutxak ez zuen barkatu. Bizkaitarra kolpekakoa irabaziz hasi zen, biren aldea kendu baitzion Larretxeari, baina ondorengo bietan, erlojuz kontrakoan, eta enborra zutik jarritakoan, Larretxea gailendu zen, eta lan erdietara zortzi segundoko aldearekin sartu zen. Gero, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hori Atutxak 4 minutu eta 58 segundoan burutu zuen, eta minutu eta 47 segundoko zuloa egin zuen. Iraupen proba, aldiz, 20 minutu eta 18 segundoan amaitu zuen, eta beste 40 segundo sartu zizkion. Lan guztiak burutzeko, Atutxak 28 minutu eta 50 segundo behar izan zituen, eta Larretxeak, 31 minutu eta 3 segundo. Hurrengo saioa Samaniegon izan zen, eta han ordezkoak aritu ziren. Azurmendi eta Atutxa ziren neurtu behar zuten aizkolariak, baina bietako inork ezin zuenez, Vicente II.ak eta Saralegik ordezkatu zituzten, eta Vicentek irabazi zuen, ondorioz, puntuak Azurmendirentzat izan ziren, eta jokatu gabe, baina Atutxak galdu duen neurketa bakarra izango da. Hemen ere 60 ontzakoan egon zen gakoa, Vicentek hor atera zizkion 25 segundoak erabakigarriak izan ziren. Ordura arte, Ruben Saralegi zihoan aurretik, nahiz eta bi segundoko tartea bakarrik zuen. Iraupen proba ere Vicentek irabazi zuen. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Ikerrek, eta 19 minutu eta 23 segundo, berriz, Ruben Saralegik. Bi lehengusuen arteko dema oso polita izan zen, eta emozioa ere handia izan zuten. Etorkizunean oso goian ibili beharrekoak dira biak ere.