GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Neguko aukerak Euskal Herrian:Hasiberrientzako urautsiak

Udako itsaski apal eta lasaiak badoaz pixkanaka eta badatoz itsaski sendoak. Surf egiten hasi berri direnentzat baldintzak gero eta gogorragoak dira, baina olatuak handiegiak izan arren, aukera anitz dago Euskal Herriko kostaldean. Hona hemen zenbait adibide.


Itsaski handi eta erreka haizeen garaia da udazkena. Hego haizeak ezin hobeto orrazten ditu ipar-mendebaldetik datozen uhinak. Batzuek bide luzea egin dute gure kostaldera iristeko; beste batzuek berriz, udako itsaskien moduan, ibilbide laburragoa egin dute.

Tamaina eta mota guztietako olatuak izaten dira udazkenean. Surfaz gozatzeko sasoi ezin hobea da gurean, baina eguna ere gero eta laburragoa da eta saio bikainak gal daitezke, non eta noiz surf egin jakin ezean.

Sailkapen konplexua

Ez da batere erraza norbaiti olatu onak hartzeko noiz eta nora joan behar duen aholkatzea, kontuan hartu beharreko eragile asko baitaude, baina aldagai nagusia surflariaren maila da.

Surflarien maila multzo handietan sailkatzea oso zaila da, baina, orokorrean, hiru multzotan bereiz daitezke surflariak: Hasiberriak, trebeak, eta adituak.

Multzo bakoitza oso konplexua da eta, beraz, ezin sailka daiteke surflari bat multzo batean edo bestean irizpide bakar baten arabera. Norberaren abilezia, denborak emandako esperientzia eta beste hainbat aldagai kontuan hartuta, lagun bati leku bat edo bestea aholka diezaiokegu, baina gaurkoan hasiberrien multzoari zuzenduko gatzaizkio, itsaskia handiak diren egunetan surf egitera nora joan daitezkeen esateko.

Hasiberrien multzoan surfean denbora gutxi daramaten pertsonak, gutxitan itsasoratzen direnak edo zutitzetik harago oraindik ihesbidea menderatzen ez duten surflariak sartuko ditugu. Multzo honetako kideentzat leku onenak malda gutxiko hondartzak dira. Zierbena, Sopela, Deba, Zarautz eta Hendaiako hondartzak, esaterako, egokiak dira hasiberrientzat, olatua pixkanaka lehertzen baita.

Neguan, ordea, maiz itsaski oso handiak izaten dira hondartzetan itsasoratzeko, eta nahiz eta urertzean apar artean ibiltzeko asmoa izan, halako egunetan korronteak eta itsas ekarraldiak (bat-batean olatu batek hondartzako eremu zabal bat estaltzen duenean) oso indartsuak izaten dira eta arrisku handirik ez izan arren, zaila izaten da surf egitea.

Halako egunetan nora joan daiteke surflari hasiberria? Batez ere, babestuak dauden hondartzak bilatu behar dira. Itsaski handiak ipar-mendebaldetik etortzen dira; beraz, kontrako zentzuan, ipar-ekialdera begira dauden hondartzak edo portuetako hormek eta kai-muturrek babes ematen dioten hondartzak dira egokiak.

Bizkaian, bi leku aipatzearren, Ereaga eta Plentziako hondartzak hauta ditzakegu. Gipuzkoan, Zumaiako Santio hondartza eta Donostiako Kontxa, eta Lapurdin, berriz, Hendaia eta Zokoa. Baina leku bakoitzak bere berezitasunak ditu. Hona hemen leku hauetara joateko zenbait aholku.

Ereaga

Ereagako hondartzak hiriko kutsua du, Bilbotik gertuen aurkitzen den hondartza baita, ondorioz kutsadura maila ere handia da bertako uretan. Itsaski handiek uhinen sarrera ahalbidetzen dutenean bakarrik izaten dira olatuak Ereagan; hortaz, ez da sarritan surf egiteko aukera eskaintzen duen lekua.

Hondartza izanda norabide anitzetako urautsiak sortzen dira, baina gehienbat ezker olatuak jasotzen dira. Itsasbeheran longboard zale eta hasiberrientzat ezker-eskuin lehertzen den ibilbide luzeko olatu bat jasotzen da. Itsasgoran, ostera, urertzetik gertu olatu borobilak altxatzen dira, laburrak eta indartsuak, bodyboard zaleentzat aproposak, baina ez surfzale hasiberrientzat.

Plentzia eta Gorliz

Astondoko hondartza bitan banatzen da, Gorliz eta Plentzia artean, baina Plentziako hondartza gisa ezagunagoa da. Itsaski oso handiak direnean, ibai ahoan eskuin olatu bat jasotzen da. Atzerago, dike muturraren parean, ezker olatu luze bat ateratzen da, ariketa anitz egiteko aukera ematen duena. Hondartza laua da; ezker-eskuin lehertzen diren olatuak ager litezke, baina gehienetan ibilbide laburrekoak.

Surf egiten ikasteko leku egokia da, olatuak pixkanaka lehertzen baitira eta aparrek ibilbide erregularra egiten dute hondartzara bidean.

 

Santio

Itsaski handia behar du olatuak lehertzen has daitezen, baina inguruko hondartzetan olatuak handiegiak direnean hasiberrientzako urautsi bikaina da Zumaia ekialdeko hondartza txikikoa.

Indar gutxiko olatu lauak izaten dira, longboard zale eta trebakuntza fasean dauden surflarientzako egokiak. Leku lasaia da, hirigunetik urrun baitago. Gertu dagoen aparkalekuaz gain, neguan duna zoragarri eta bakartiak dira nagusi.

Kontxa

Donostiako Santa Klara irlatxoak itsaskien sarrera eragozten du Ondarreta eta Kontxako badian, horregatik olatuak urriak dira bi hondartzetan, eta itsaskiak oso indartsuak direnean soilik egin daiteke surf bertan eta aukerak anitzak dira.

Mendebaldean, hormari atxikita jazotzen den Teniseko ezker olatua kalitatezkoa da, batzuetan borobila, eta ariketa anitz egiteko aukera ematen du. Erdialdean, bi hondartzak bereizten dituen tunelaren azpian dauden haitzen ondoan, urertzean, ia hondarretan, olatu borobilak altxatzen dira, bodyboard zaleentzat ezin hobeak.

Hala ere, hasiberrientzat aukera bakarra hondartzaren ekialdean dago. Kontxako hondartzan olatuak ahul eta ihesbiderik gabe lehertzen dira, hasiberrientzat aukera polita da patxadan surf egiten gozatzeko.

Hendaia

Itsaski indartsuak direnean olatuak ez dira hain handiak Ondarraitz izeneko hondartza zabalean. Hasiberrientzat leku egokia da, olatuak pixkanaka lehertzen baitira, eta gainera edozein itsasalditan surf egiteko egokia da.

Udan olatuak txikiegiak izaten dira sarri, baina neguan leku aproposa da. Aparkalekua hondartzaren ondoan dago eta mota guztietako zerbitzuak aurki daitezke inguruan.

Hondartzaren mendebaldean olatuak apur bat txikiagoak dira. Erdigunean dagoen Kasinoa erreferentzia bat da olatu txikitako surflarientzat. Eremu honetan, ordea, itsasgoran olatuak errepide ertzeraino iristen dira eta errebotea sortzen da itsasorako norabidean.

Urruña eta Ziburu

Zokoako kaiaren ondoan jasotzen da ezker olatu bat, justu Untxin ibaiaren bokalean, Ezkila deitzen dutena. Itsaskiak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta handiagoa izango da olatua, baina gehienera metro bateko altuera izango du. Beraz, Zokoan bertan, egun berean, surflari batzuek Belharrako olatu erraldoiak hartu bitartean, beste batzuk Ezkilako olatu lasaiekin gozatzen ikus ditzakegu.

Hasiberrientzat eta longboard zaleentzat egokia da, indar gutxiko olatu laua baita, baina olatuaren erdian ezkila forma duen itsasargi bat dago eta kontuz ibili behar da berau ez jotzeko. Inguruetako hondartzetan olatuak handiegiak direnean joateko leku aproposa da; gainera inguruak haizetik babestuko du surflaria.

Honi buruzko guztia: Surfa