GARA Euskal Herriko egunkaria
JOKOAK

Hutsuneak direla jokatuko da Zazpi Herrialdeetakoa

Gipuzkoa, Nafarroa Garaia eta Bizkaia izango dira txapela lortzeko faboritoak.Nafarroa Behereak eta Zuberoak ezin izan dute final honetarako talderik osatu.


Elizondon jokatuko da gaur, 17.00etan, Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Izena hori da, baina azkenean bost bakarrik arituko dira, ez Zuberoa, ez Nafarroa Beherea ez baitira bertan izango. Bi herrialdeak txikiak dira, eta arazoak izan dituzte taldeak osatzeko, eta azkenean bietako inork ez du parte hartuko lehiaketan. Iaz zazpiak aritu ziren, eta bazirudien hemendik aurrera horretarako bideak egin zirela, baina aurten berriro ere atzera eman da pausoa, eta handia, gainera.

Sokatirarekin hasiko da txapelketa eta 640 kiloko taldeak arituko dira lanean. Gero, lokotx biltzen, ingude altxatzen, lasto altxatzen, harri jasotzen, txinga eroaten, orga jokoan, zaku lasterketan, trontzan eta aizkoran arituko dira. Herrialderik gehienek txapeldunak eramango dituzte eta saio bizi eta ikusgarria suertatzen da.

Gipuzkoa, Nafarroa Garaia eta Bizkaia dira txapela irabazteko faborito nagusiak, eta hiru hauek bakarrik aurkeztuko dituzte proba guztietan kirolariak. Hor dago beste koska. Zazpitik bost bakarrik aurkeztu, baina hiru bakarrik denetan kirolariak dituztela.

Arituko direnen artean jende ona eta ezaguna izango da talde askotan. Nafarroak, esaterako, Donato Larretxea, aizkoran, eta Kañamares eta Eugi trontzan agertuko ditu beste batzuen artean. Gipuzkoak kirolari hauek eramango ditu: Larrañaga, aizkoran, Irigoien, harri jasotzen, Tubi lasto altxatzen eta Esnaola eta Aizpuru, trontzan. Bizkaiak, aldiz, Atutxa, aizkoran, Abadiño, sokatiran, Urruzuno, harri jasotzen, eta Drame, orga jokoan.

Hiru herrialde hauen artean egon beharko litzateke txapelduna. Proba guztietan parte-hartzaileak eramateak ere baditu bere abantailak, Arabak eta Lapurdik ezingo baitute denetan batu puntuak, eta asko galtzen da.

Arabak ere tartean izango du Kerman Perez de Heredia, ingudearekin, edo Lapurdik Arthur Van Putten, lasto altxatzen. Bi talde hauek azkeneko postutik ihes egiten saiatuko dira, eta hori izango da erronka. Lapurdik ere azken aldian gora egin zuen, baina euren arteko arazoak direla medio, orain atzeraka egin du. Hori dela-eta, taldea osatzeko arazoak izan ditu, eta txapelketa honetatik kanpo geratzeko ere ez zaio asko falta izan.