GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Preso larriki gaixoak dira edo daude?


Joan den igandean Kursaaletik Saguesera egin zen katean izan nintzen. Paparrean jarri nuen pegatina: «Larriki gaixorik dauden presoak, etxera!». «Dauden» hitzari erreparatu nion. Gaixo daude. Egia da. Baina izan, ez dira gaixoak. Izan, izatekotan, larriki gaixo dauden preso horiek, bizitzaren borrokalariak dira.

Hau ez da estrategia baten edo beste baten, aldeko edo kontrako, auzia. Zerbait sakonagoa da, estrategia guztien muinean egon beharko den zerbait. Duintasun pertsonalaren eta herriaren duintasunaren agerpena. Hemen, presoekin dugun auzi etiko bakarra honako hauxe da: presoen bizitzaren alde gaude edo presoekin xantaia eginez etekin politikoa lortu nahi da.

Urkullu jaunak ez du eskubiderik auzi honetan etikaren izenean ezer exijitzeko, bere alderdian nagusi den etikaren barruan (Ardanza eta Arzallusen garaitik hona) dagoelako presoen dispertsioaren ezarpena eta erantzukizuna. Argitu beharko luke PNVk dispertsioaren eta oro har politika «antiterroristaren» babesa nola negoziatu zen, eta babesaren truke, onura ekonomiko eta politikoak jaso ote zituen, eta jaso bazuen zeintzuk. Duela gutxi Aitzoli buruz idatzitako bertso batzuetan esaten nuen: Ez zera zu gaixoa/ ez daukazu gaitza/ Heriotzarekilan/ zure ahalegintza/ Bizirik irtetzea/ iraun-esperantza/ Bizia bersortzea/ zain daukazun dantza.

Uste dut presoen askatasunari buruz hitz egiten dugunean beste tonu onuragarriago bat bilatu behar dugula. Ez penarena, ez ezintasunarena, ez etsipenarena. Presoak etxean, gure esku dago! Bai? Bai.

Ez badira Erregimenaren botereak mugitzen (eta hori eskatzen gabiltza denbora luzez) bota beharko ditugu (eta hauxe da atarian izan dezakegun eginkizuna).

Ez badira Jaurlaritzakoak eta Nafarroako Gobernukoak larritasunaz eta preso horien bizi-nahiaren edertasunaz konturatzen, ez badute sinisten «gure esku dagoela», bazterrean utzi beharko ditugu.

Eta gu geu baldin bagabiltza ezintasunez amorratuak, larritasunaz presatuak eta etsipenez kutsatuak? Gustukoak ditut Aitzolen ahoan jarri nituen azken bertsoaren ideiak: Ez nitaz euki pena/ ez egin negarrez/ Nire gogoz nabil ta/ ez ibili auspez/ Mundu berri bat daukat/ barnean saminez/ Hazi eder askoak/erditzeko minez.

Preso guztiak etxean izatea gure esku dagoela sinistuz. Aurrera bolie!