2015 URR. 05 Harri-jasotzea Aimar Irigoienek kostata jantzi ahal izan du Euskal Herriko harri txikien txapela J.L. Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Aian jokatutako harri txikien Euskal Herriko Txapelketa. Uste baino gehiago kosta zitzaion, eta azkeneko bi harriekin erabaki zuen saioa. 125 kiloko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili zituzten, bakoitza hiru minutuz. Aimarrek eta Urruzunok lehia ikaragarria izan zuten hasieratik. Errektangularrari bakoitzak 30 jasoaldi eman zizkion. Zilindroari, berriz, 29 eman zizkion Irigoienek eta bat gehiago Urruzunok. Bi harri falta ziren lanak bukatzeko, eta une horretan bizkaitarra aurretik zen. Aimarrek, berak onartu zuen bezalaxe, ez zuen bere egunik onena izan, baina azkeneko bi harriekin auzia erabakita utzi zuen. Kubikoa 20 aldiz jaso zuen, eta Urruzunok hiru jasoaldi gutxiago eman zizkion. Azkenekoa bola zuten, eta horri 26 altxaldi eman zizkion Errezilgoak, eta, Ondarroakoak, berriz, 24. Lau ziren Aian izatekoak, baina Otaegik ezin izan zuen aritu, eta Eizagirre sailkatu zen hirugarren. 19 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 22 zilindroari, 15 kubikoari eta 20 bolari. Irigoienek denera 12.226 kilo jaso zituen, Urruzunok 11.812,5 eta 8.812 Eizagirrek. Jendearen erantzuna, berriz, apala izan zen, 150 ikusle bakarrik bildu baitziren.