2015 URR. 10 Aizkora Aitzol Atutxa faborito dela jokatuko da final handia Bizkaitarrarekin batera, Azurmendi, Irazu, Olasagasti, Otaegi eta Larrañaga ere arituko dira etzi Basaurin. Jon LEUNDA Iritsi da eguna, herri kirol munduak duen egunik garrantzitsuena badator. Etzi, 12.00etan, jokatuko da Basaurin, Bizkotxalde parkean, aizkolarien Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Hantxe izango dira duela bi aste Aian jokatu zen kanporaketako onenak, Nazabal izan ezik; Larrañagak ordezkatuko du. Finalista guztiak aski ezagunak dira, eta denek dute eskarmentua, Larrañagak izan ezik. Azpeitiarra da finaleko gazteena, eta kanporaketan zortzigarren amaitu zuen. Finaleko postuetatik segundo gutxi batzuetara geratu zen, baina ez zen sailkatu. Han izan beharko lukeen Nazabal, ordea, gerriko arazoekin dabil, eta ez dago aritzeko moduan. Ondorioz, zazpigarren geratu zen Rekondok joan beharko luke, baina hau ere ez dago joateko moduan, eta, beraz, berari zabaldu zaio atea. Azpeitiarra pozez zoratzen dago, eta gustura hartu du aukera. Galtzeko ez du ezer eramango, eta lan ona egin eta azkena ez geratzeko helburuarekin joango da. Berarekin batera, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Joseba Otaegi eta Jon Irazu lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko erdibitu beharko ditu. Final honetan bitxikeriarik ere izango da, Zizurkilek bi ordezkari izango baititu final honetan, Joseba Otaegi eta Jon Irazu. Biak auzokoak dira gainera, eta horrelako kasuak ez dira askotan gertatzen, baina iaz bezalaxe, aurten ere jardungo dira. Bada beste bitxikeriarik ere, alegia, Nafarroako ordezkarien hutsunea. Nazabal zen izatekoa, baina Etxarrikoa izango ez denez, ez da nafarrik arituko. Hori ere historian oso gutxitan gertatu izan da, baina aurten horrelaxe izango da. Gipuzkoak izango ditu ordezkari gehien, bost guztira, eta bestea Bizkaikoa izango da. Bizkaitarra bera izango da, gainera, aurtengo txapela lortzeko faborito nagusia. Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, eta, askoren ustez, urte askoan eutsiko diona izango omen da, gainera. Kanporaketako onena izan zen. Bere aurkari nagusia Iñaki Azurmendi izan daiteke. Orain dela bi urteko txapelduna da gipuzkoarra. Beti hor goian izaten da, eta txapelaren bila doala argi eta garbi adierazi du Arriarango aizkolariak. Nazabalen hutsuneak tristura sortu du Floren Nazabalen egoerak sortu du nahigabea aizkorazaleen artean. Bere ibilbideko azken urtea du, eta ondorioz bere azkeneko Euskal Herriko finala izan behar zuen etzikoak, hortxe agurtu nahi baitzen. Gerriak, ordea, arazo asko sortu dizkio, bai lehen bai orain. Joan den igandean Nafarroakoan aritu zen, eta bigarren amaitu zuen. Irabazteko faborito nagusia zen, baina 18 urteko Iker Vicentek eraman zuen txapela. Final horren ostean, ez zuela Euskal Herrikoa jokatuko esan zuen. Izan dituen arazoei txapelik gabe geratzeak sortu zion nahigabea ere batu zitzaion, eta askok uste zuten astean zehar atzera egin, eta joango zela Basaurira, baina gerriak ez du hobera egin eta ez joatea erabaki du. Aizkolari handi bezain apala izan da Etxarrikoa, denek gustuko duten horietakoa. Ez da nahiko zuen bezalako agurra izango, baina aizkorazale gehienek ere pena dute berak aizkora horrela utzi behar izatea, nahiz eta handiena berak izango duen. J.L. EGIN BEHARREKOAAizkolariek azken urteotako finaletan egin behar izaten duten lan bera egin beharko dute. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko erdibitu beharko dituzte, 12.00etan Basaurin jokatuko den norgehiagokan.