2015 URR. 26 Aizkora Arria V.ak aurreikuspen guztiak bete egin ditu Julen Alberdi azkoitiarrak bigarren amaitu du, eta errezildarrarekin batera igo da Bigarren Mailara. Jon LEUNDA Ezusterik ez zen izan Azkoitian jokatu zen Hirugarren Mailako Euskal Herriko finalean. Hala, Arria V.ak irabazi zuen txapela, eta Julen Alberdi azkoitiarrak bigarren postua. Biak datorren urtean Bigarren Mailan lehiatzeko moduan dira. Jende asko batu zen saioa ikusteko asmoarekin. Bi aizkolari gipuzkoarrek jarraitzaile asko eraman zituzten Gurea pilotalekura. Bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Garbi dago Arriarentzat maila hau txiki geratzen dela, baina errezildarrak urte asko eman ditu lehiaketetatik kanpo, eta, orain, behetik hasi behar izan du. Kanporaketan ez zuen aurkaririk izan, eta finalean ere oso eroso aritu zen. Ez zuen inork gehiegi estutu, eta berak bere lana lasai egin ahal izan zuen. Aurreneko enborretik aurre hartu zuen, eta final osoa kontrolpean eraman zuen. Bigarren posturako faboritoa Alberdi zen. Azkoitiarrak itxura paregabea eman zuen kanporaketan eta baita finalean ere. Egurrekin ez zuen zorte onegia izan, batean hiru adar izan baitzituen, baina hala ere lan oso ona egin zuen. Berak ere bazekien lehen postua eskuratzea oso zaila izango zuela, eta bigarrenaren bila atera zen, eta hori aise eskuratu zuen, mailaz igotzeko txartela lortuz. Hortik atzera, gauzak estuago joan ziren. Resanok eta Saralegik borroka oso polita izan zuten hirugarren postua eskuratzeko, baina Sakanakoak hiru segundo kendu zizkion, podiumeko postua eskuratuz. Azkena ez geratzeko ere lehia ederra izan zuten Kañamaresek eta Kortxerok, baina azken horrek ezin izan zuen azkeneko postua saihestu. Azkenean Oier Kañamaresek hogei segundo atera zizkion, eta arabarrak azken tokian amaitu zuen finala. Orokorrean saioa oso polita izan zen, eta zaleek pozik utzi zuten Gurea pilotalekua, ikuskizun ederra ikusita. 11 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Arria V.ak egin beharreko lan guztiak burutu ahal izateko. 13 minutu eta 3 segundo behar izan zituen bereak egiteko Julen Alberdik. Hirugarren Iban Resano izan zen (14.11), laugarren Eneko Saralegi (14.14), bosgarren Kañamares IV.a (16.02) eta, azkena, berriz, Eloi Kortxero (16.22).