2015 URR. 30 Aizkora Gazteena izango da faborito Elizondon Jon LEUNDA Euskal Herriko aizkolarien txapelketei gaur emango zaie amaiera Elizondon, 12.00etan, Iriarte pilotalekuan jokatuko baita Bigarren Mailako finala. Kanporaketa jokatu zuten sei onenak arituko dira nor baino nor, eta bi onenek datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela lortuko dute. Laneguna eta eguerdia, ez da askorentzat une ona izango bertara joateko, baina Elizondon jai handia da gaur, eta hori baliatu dute final hau jartzeko. Hala ere, jende asko izango da, gazteak dira aizkolarietako asko, eta etorkizunari begira zeresan handia eman dezaketenak ere bai batzuk. Iker Vicente, Ruben Saralegi, Jexuxmari Mujika, Luix Txapartegi, Aratz Mugertza eta Arkaitz Jauregi izango dira lanean arituko direnak. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu, Lehen Mailako finalean izaten dutenaren lanaren erdia izango dute aurrean. Sarrerak 10 euroren truke egongo dira salgai. Iker Vicente da txapela lortzeko faborito nagusia. Otsagabikoak 18 urte besterik ez ditu, baina ikaragarrizko maila ematen ari da. Bera izan zen kanporaketako onena, baina ez hori bakarrik, Nafarroako Lehen Mailako txapela ere jantzi zuen hilabete honen hasieran, Floren Nazabal bezalako aizkolariak gaindituta. Etorkizunari begira txapel askoren jabe izango delako ustea dago, nahiz eta une honetako Euskal Herriko Lehen Mailako txapelduna ere oso gaztea den, baina garbi dago segituan behar duela onenekin parez pare Euskal Herrikoan, Nafarroakoan egin duen bezalaxe. Baina Iker oraindik oso gaztea da, eta garbi dago gaur presioa bere gain izango duela. Nafarroako finalean ez zuen horrelakorik izan, baina gaur bai, denentzat faborito nagusia baita. Ikusi beharko da ea nola eramaten duen adin horrekin faborito garbia izateko presio hori. Beste hiru ere agertzen dira hor tartean. Ruben Saralegik orain dela bi urte irabazi zuen txapel hau, eta iaz, berriz, Lehen Maila galdu zuen, eta faboritoen zerrendan agertzen da. Mujika eta Txapartegi ere ez dira ahaztu behar. Lehen Mailan ere final ugari jokatutakoak dira, eta sasoi onean heltzen badira gaurko saiora, haiek igoera lortzea ere ez litzateke inongo ezustea izango. Presiorik gutxiena Jauregik eta Mugertza III.ak eramango dute, haiek finalean sartuta konforme dira, baina lasaitasun hori euren aldekoa izan daiteke. Ezustea emateko prest joango dira.