2015 URR. 31 sokatira Gatikan abiatuko da Lauko Euskal Herriko Txapelketa J.L. Gatikan abiatuko da gaur, 17.00etan, Euskal Herriko Lauko Goma Gaineko Txapelketa. Hasiera 320 kiloko mailarekin emango zaio, eta hiru asteburutan jarraian jokatuko dute. Aurreneko bien ostean, multzo bakoitzeko hiru onenek lortuko dute azaroaren 21ean Ezpeletan jokatuko den finalerako txartela. Bi multzotan banatuta arituko dira taldeak, eta lehendabizikoan, Ñapurrak A, Murueta A, Ibarra A, Sokarri A, Amaiur eta Ibarra C lehiatuko dira. Bestean, berriz, Ñapurrak B, Murueta B, Ibarra B, Sokarri B, Iparralde eta Atzera jardungo dira. Txapelketa honetan, ordea, ez da maila hau bakarrik izango; izan ere, hau amaitutakoan 300 kilokoa hasiko da, eta han hiru multzotan banatuta lehiatuko dira taldeak, eta han 18 talde izango dira lehiatuko direnak. Neskak, aldiz, pisu bakar batean arituko dira, 260koan, eta horiek lau talde bakarrik izango dira. Mutilek bi jardunaldi eta sailkatzen direnek finala jokatuko duten bitartean, neskek hiru jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute. Nafarroakoa Nafarroako Txapelketak ere aurrera jarraitzen du, eta gaur bigarren jardunaldia jokatuko da, Berriozarren, 18.00etan hasita. Alde batetik, mutilak arituko dira 600 kiloko mailan, eta hor Berriozar, Txantrea eta Beti Gazte lehiatuko dira. Azken hauek irabazi zuten aurreneko jardunaldia. Bestetik, maila mistoan ere arituko dira taldeak, eta hor Berriozar, Txantrea eta Kaskailueta izango dira lanean arituko diren taldeak, baina hau sei lagunez osatutako taldeek osatzen dutenez, pisua ere arinagoa da. 420koan ari dira talde mistoak.