2015 AZA. 02 ITSASOA Festaren trenean Surflari ernegatua Gaur bezala, azaroaren 2a zen, orain bost urte. Asteartea zen eta Ameriketako Estatu Batuetako biztanleak bozkatzera deituak zeuden. Ez dakit, Ambriz izeneko langile hark bozkatzeko eskubiderik ba ote zuen edo Ipar Amerikan lan egiten duten legez kanpoko hiritar bat gehiago zen. Edonola ere, bere nagusia zen Cristal Morenok, Dallaseko aireportuan dagoen Gran Hyatt hoteleko ikuskatzaileak agindutakoa bete zuen. Goizeko 9:43an jo zuen atea lehen aldiz. Ez zen erantzunik, beraz birritan jo zuen atea berriro, baina ez zen deus entzuten. Hormari kolpe batzuk ere eman zizkion zarata apur bat egitearren, baina ezer ere ez, ez hotsik, ez erantzunik. Ambrizek nagusia deitu eta biak sartu ziren logelan, goizeko 9:47ean. Maizterra ohean zegoen, bere izenez agurtu zuten, baina haren ahoak ez zuen hitzik ahoskatu eta gorputz atalek ez zuten keinurik egin. Ohearen eskuinaldean zen lanpara piztera gerturatu zen hoteleko langilea eta orduan konturatu zen bezero hark hatsik ez zuela. Andy Irons hilda zegoen. Hawaiiko Kauai uharte liluragarrian jaio, hazi eta hezi zen Andy. Oinutsik eta bainujantzitan egiten zituen egunak, itsasoan edo itsasertzean. Oso gazte zela hasi zen lehian surf txapelketetan eta gazte zela lortu zituen emaitza onenak. Lehiakide amorratua, galtzaile txarra, irabazle ona eta surflari ezin hobea. Hamazazpi urte baino ez zituen Andyk Pipelineko txapelketa ospetsua irabazi zuenean. Txapel eta sari andana irabazi zuen, maila eta kategoria guztietan, hiru bider lortu zuen mundu titulua, eta Kelly Slaterrek inoiz izan duen aurkari duinena izan zela esan ohi da. Itsasoan ongi moldatzen zen, edozein motatako olatuak menderatzeko talentu izugarria zuen, baita muturreko baldintzak zirenean ere, baina uretatik kanpo putzu arruntetan ere arraun egiteko zailtasunak zituen. Bere esanetan, «zirku madarikatu honetan denek nahi dute nire zerbait». 32 urterekin hil zen Andy. Surfaren historian izan den surflari onenetakoa izan zen. Uretatik kanpo egindakoek oihartzun handia dute ordea, edonor epaitzeko eskubidea dugula uste dugun mundu moral honetan, baina Andyren irudirik ikusi nahi duenak, olatu gainean soilik topatuko du, urriak baitira lehorrean Andyri ateratako argazkiak. Hala ere, lurrean zeraman bizitzaren iluntasunak egingo dio itzal. Mat Warshaw, “The History of Surfing” liburuaren egileak, honela zioen: «Festaren trenean abiadura biziegian bizi zen zurrumurrua zegoen...». Lehorrean zeraman bizitzaren iluntasunakegingo dio itzal Andy Ironsi. Mat Warshaw, «The History of Surfing» liburuaren egileak honela zioen:«Festaren trenean abiadura biziegian bizizen zurrumurrua zegoen...».