GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Olasagastik ez du Mieltxo Mindegiarekin hutsik egin

Zubietako aizkolariak lan dezente eman zion Igeldoko beteranoari.


Joxemari Olasagastik lortu du Urrezko Aizkolarien Kopako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela, Mieltxo Mindegia mendean hartuta. Igeldokoa zen garaipena lortzeko faboritoa, baina uste baino lan gehiago eman zion Zubietako aizkolariak. Aizkolari bakoitzak hamarna kana-erdiko ebaki behar izan zituen.

Igeldokoa, ohi bezala, oso indartsu abiatu zen, eta berehala zabaldu zuen bien arteko tartea. Horrela, hirugarren kana-erdirako minutu erdiko aldea lortua zuen. Mindegiak, ostera, ez zuen etsi, lanean jarraitu zuen, eta laugarren enborrerako Olasagastiren parean zegoen.

Zubietakoak zailena egin zuen, baina apurka-apurka berriro ere gipuzkoarrak ihes egin zion, eta horrela lan erdiak 11 minutu eta 14 segundoan egin zituen Olasagastik, eta nafarrak, aldiz, bederatzi segundo gehiago behar izan zituen.

Hortik aurrera tarte handiegirik ez zen izan bi aizkolarien artean, baina Olasagastik neurketa kontrolpean eraman zuen; segundo gutxi batzuen aldeaz, baina beti  aurretik, eta, hala, lan guztiak 25 minutu eta 34 segundoan burutu zituen, eta 25 minutu eta 46 segundo behar izan zituen Mieltxo Mindegiak bereak amaitzeko.

Olasagastirentzat aste berezia izango da hau, Atutxari desafioa bota baitio, eta badirudi Euskal Herriko txapelduna Tolosan izango dela igeldotarrarekin hitz egin eta apustua sinatzeko asmoz.