2015 AZA. 09 Harri-jasotzea Telleria gailendu zaio Aranbururi J.L. Beñat Telleriak irabazi egin zion Xabier Aranbururi Urrezko Harri-jasotzaileen Kopako kanporaketa. Oso lehia estua izan zen bi kirolarien artean, baina amaieran urnietarrak lau jasoaldiko aldea ateratzea lortu zuen, eta hurrengo kanporaketan aritzeko txartela eskuratu zuen. Hiru harri ezberdin erabili zituen harri-jasotzaile bakoitzak. Hasteko, 100 kiloko zilindro kopa izan zuten lanerako, minutu bateko txanda bakarrean. Jarraian, pisu bereko koadroa, eta honekin bi minutu izan zituen harri-jasotzaile bakoitzak. Azkenik, 100 kiloko bola erabili behar izan zuten kirolariek, eta kasu honetan ere bi minutuko txanda izan zuten. Lehia ederra izan zen bi harri-jasotzaileon artean. Ez dira gehiegi ikusitakoak. Telleria gaztea gehiagotan ibili da txapelketetan eta torneotan, baina Aranburu ikusteko aukera gutxiago izan dira, nahiz eta erakustaldietan asko ibiltzen den. Azkenean Telleriak eraman zuen garaipena, Aranbururi lau jasoaldiko aldea aterata. Guztira 54 egin zituen Telleriak eta 50 Aranburuk. 21 jasoaldi eman zizkion Telleriak zilindroari, 15 koadroari eta 18 bolari. Horrekin, hurrengo kanporaketan izateko txartela eskuratu ahal izan zuen, oso itxura polita emanda.