2015 AZA. 21 Aizkora Gazteei heldu zaie direna erakusteko aukera Saralegi eta Mugertza Betelun neurtuko dira gaur, eta Vicente II.a eta Olasagasti, bihar, Otsagabian. Jon LEUNDA Urrezko Aizkolarien Kopa bere unerik ederrenean sartzen ari da, eta Nafarroak hartuko ditu asteburu honetako bi jardunaldiak, nahiz eta biak ere punta banatan izango diren, elkarrengandik nahiko aparte. Gaur jokatuko da aurreneko kanporaketa eta Beteluko pilotalekuan neurtuko dira Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi (19.00). Bi aizkolari gazte dira, sasoi onean daudenak eta ikuskizun ona eman dezaketenak. Biak daude Euskal Herriko Txapelketan Lehen Mailan. Lana ere polita dute, eta Beteluko pilotalekura doazenek saio ederra ikusteko parada izango dute. Biak ere Euskal Herriko Txapelketak amaituta daude, eta prestakuntzari gehien eutsi dionak izan dezake garaipena lortzeko aukerarik handiena. Bestalde, ikusmin handia piztu duen neurketa jokatuko da bihar, 12.00etan, Otsagabiko pilotalekuan, bertan batuko baitira Joxemari Olasagasti eta Iker Vicente. Azken honek 18 urte besterik ez ditu, eta sekulako denboraldia egiten ari da. Nafarroako Lehen Mailako txapela jantzi du, baita Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere. Itxaropen handiak daude berarekin eta jadanik heldu da onenen parera. Vicente II.a etxean arituko da, eta bertako jarraitzaileek ikusi egin nahi dute, lortu dituen bi txapelen ostean bere zaleen aurrean jokatuko duen aurreneko norgehiagoka izango baita. Gainera, aurrean duena ere izen handikoa da; izan ere, Joxemari Olasagasti beteranoarekin neurtuko ditu indarrak. Igeldokoak, gainera, egin berri du Aitzol Atutxaren aurkako apustua, eta zaleek ere ikusi nahi dute nola dagoen, nahiz eta oraindik asko falta zaion neurketa hura jokatzeko. Lana ongi etorriko zaio prestakuntzarako ere, eta aurrean sekulako ilusioa eta gogoa izango duen aizkolaria izango du, eta bera gainditzeko lan ona egin beharko du Igeldokoak, kanporaketa hau irabazteko gogoz baitago etxekoa. Vicenterentzat ere handia izango litzateke Olasagasti bezalako bat menderatzea, eta gauzak estu eta larri jartzeko asmoarekin plazaratuko da. Bi belaunaldi oso ezberdinekoen arteko saioa da hau. Harri-jasotzea Urrezko harri-jasotzaileen Kopak ere bi kanporaketa jokatuko ditu gaur eta bihar. Gaur Betelun, aizkolariekin batera jokatuko da kanporaketa bat, eta bestea bihar, Otsagabian, han ere aizkolariekin batera. Beteluko saion, Izeta IV.a eta Aimar Galarraga lehiatuko dira. Lan laburra da, eta Izeta aterako da faborito. Aiarrak bizitasun handia du, eta hori aldekoa izan dezake gisa honetako lan laburretan, nahiz eta Galarraga bera estutzeko asmoarekin plazaratuko den, eta nola ez, ezustea emateko ere bai. Bestalde, bihar, Otsagabiko saioan, Jokin Eizmendi eta Xabier Ariztegi harri-jasotzaileek neurtuko dituzte indarrak. Lehen txapelak banatuko dira Euskal Herriko Goma gaineko Lauko Txapelketako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur arratsaldean, 17.00etan hasita. Ezpeletako merkatu plazan izango da, eta 320 kilokoan finala izango da. Bi jardunaldi pasatu dira aurretik, eta hango puntuak batu eta gehien dituztenak lehiatuko dira txapelaren bila. Ñapurrak izango da txapela lortzeko faboritoa. Ezpeletako taldea oso saio onak eginda iritsi da azkeneko jardunaldira, eta euren zaleen aurrean jokatuta, ez du orain txapelik gabe geratu nahiko. Ibarra izan daiteke euren aurkari nagusia, nahiz eta jardunaldi bakarrera jokatzen denean edozer gerta daitekeen. Amaiur da beste talde faboritoetako bat, edo hori da aurreko jardunaldietan ikusi ahal izan dena, baina orain arte egindakoak ez du ezertarako balioko, egin beharrekoa gaur egin beharko du, bai behintzat txapela jantzi nahi duenak, deskuidu bat nahikoa izango baita postu bat galtzeko. J.L. IKUSKIZUN HANDIABihar eguerdian Olasagastik eta Vicente II.ak Otsagabian jokatuko duten norgehiagokak ikusmin handia piztu du. Iker bertakoa da, eta lortu dituen bi txapelen osteko lehen neurketa ofiziala izango du Igeldokoaren aurkakoa.