2015 AZA. 23 sokatira Ibarrak jantzi du Lauko Txapelketako aurreneko txapela J.L. Ibarra B taldeak irabazi du Lauko Txapelketako aurreneko txapela. 320ko finala jokatu zen herenegun arratsaldean Ezpeletan, eta gipuzkoarrek jantzi zuten txapela. Ñapurrak, Ibarra eta Amaiur ziren irabazteko hiru talde faboritoak, eta ez zen ezusterik izan, hirurek amaitu baitzuten podiumean. Ibarrak sekulako maila eman zuen, eta arratsaldeko tiraldi guztiak irabazi zituen. Gainerako talde guztiak menderatu zituen, eta horrekin txapela jantzi zuen. Ñapurrak etxean aritu zen, eta beregan ere itxaropen asko zeuden, bere zaleen aurrean aritu zelako, baina gipuzkoarrek finaletan ateratzen duten gatz hori atera zuten eta denboraldiko lehen garaipen handia lortu ahal izan zuten. Amaiurrek eskuratu zuen zilarrezko domina. Nafarrek galdu egin zuten Ñapurrak taldearekin, baina gero mendean hartu zituzten gainerako taldeak, eta horrekin batera bigarren postua ere eskuratu ahal izan zuten, itxura ona emanez, orain arteko saioetan bezalaxe. Ñapurrak zen etxean aritzen zen taldea, finala eurek antolatu zuten, eta kanporaketetan ere itxura bikaina emanda heldu ziren azkeneko saiora, baina lapurtarrek hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Aurretik egindako lanak ez du balio izaten finaletan; orduan egin behar da, eta Ñapurrakek ezin izan zituen Ibarra eta Amaiur menderatu, eta hirugarren bukatu zuen. Hortik atzerakoen arteko dema ere polita suertatu zen. Muruetak eskuratu zuen laugarren postua. Ibarra B taldearentzat izan zen bosgarrena eta Sokarrik itxi zuen sailkapena. Nesken 260koa eta mutilen 300ekoa hasiko da orain.