2015 AZA. 25 Andoni Egaña hilko balute... «Bertsolari»-ren ehungarrena Patxi Gallego marrazkilariak eta Xabi Paya bertsolariak ondutako «Nork» aleak jantzi du «Bertsolari» aldizkariaren ehungarren argitalpena. Tartean, Andoni Egañaren hilketa eta kasua ikertzen jardungo duten lau detektibe. Arketipoz jositako komikia. Azken eguneraketa: 2015 AZA. 25 - 11:39h Ariane KAMIO DONOSTIA Andoni Egaña hilko balute... Hobe halako tragediarik egiazki ez imajinatzea. Baina “Bertsolari” aldizkaria ariketa horretan aurreratu egin da. Bere ehungarren argitalpena kaleratu berri du. «‘Jakin’ eta ‘Elhuyar’ dira euskal aldizkari espezializatuen artean bizirik luzeena dutenak, eta guk 25 urte beteko ditugu hurrengo urtean. Orain, ehungarren alea kaleratu dugu. Bada zerbait», adierazi zuen atzo prentsaren aurrean Antxoka Agirrek, aldizkariaren zuzendarietako batek. Hitzordurako, beraz, argitalpen berezia prestatu dute, bi urteko lanaren ondoren kaleratu dena. Halaxe aitortu zuten behintzat Patxi Gallego eta Xabi Paya egileek. Marrazkigile lanetan bata, gidoilari bigarrena. «Aldizkarirako kolaborazio bat egiteko deitu zidaten eta... ez dakit une hartan zer erantzun nuen baina pentsatu beharra neukan, ez bainaiz batere bertsozalea», esan zuen brometan Gallegok. Egun paper euskarrian eskuragarri dagoena, beraz, hilabete batzuk lehenago lantzen hasi ziren bi sortzaileak. «Garagar tabernan geratu ginen eta hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen. Sexuaz aritzea ondo legoke, gazteentzat erakargarria delako. Bestela, hilketa bat. Niri Agatha Christie asko gustatzen zait eta norbait hil nahi nuen. Kasu honetan, Andoni Egaña», gehitu zuen. Imajinario kolektiboa Xabi Paya komunitatea sortu ahal izateko imajinario edo iruditeria kolektibo baten beharraz jabetu zen. Ez ei du euskal kulturan irudi bidezko oroimen komunik eta, hartara, ehun pertsonaia baino gehiagoko komikia osatu dute, arketipoak gehienak. 2013an hasi zituzten prestaketa lanak, hain justu, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finala jokatu zen urtean. «Eta Andoni Egaña berriro aurkeztuko balitz?», galdetu zuten beren gogorako. Hori da, hain zuzen, kontakizunaren abiapuntua. Bertso txapelketara aurkeztu, irabazi eta ezbehar susmagarri baten ondoren hiltzen den bertsolariarena. Hortik aurrera, Ertzaintzak eta Bertsozale elkarteak berak lau detektibe ikerketa lanetan jarriko ditu. Zein baino zein bereziagoak, euskal kultura lau ikuspuntu desberdinetatik begiratu eta aztertuko dutenak. Aguazila izango da bata, Fernando Amezketarra pertsonaiatik hartutakoa. Ikuspuntu purista izango du euskal kulturarekiko. Bigarrena, Jessica Fletxeberria. Jessica Fletcherren omenez abizendua bada ere, Galdakaoko Kontxi Belandiarengan izango du inspirazio iturri nagusia. Bertsozale amorratua da, bertsogintzaren inguruetan aski ezaguna. Berak, hala, euskal kulturaren ikuspegi emotiboa, gertukoa, eskainiko du. Hirugarren detektibea Amaia Ezpeldoi izango da, Itxaro Borda idazle baionarrak bere literatur lanetarako sortutakoa. «Fisikoki Itxarorengan zuen oinarria, baina azkenean Shin Txan eta Mafaldaren arteko nahasketa batean geratu da», bota zuen Gallegok. Ikuspegi periferikoa eskainiko du berak, subalternoa, «emakume detektibe, lesbiana, iparraldetarra» den aldetik. Azken detektibea automata bat izango da, Bertsokop, Robokopen pertsonaiaren jarraipen bat. «Euskal pragmatismoa», esan zuen Payak. «Bertsolari ohi bat da, baina istripu bat izan zuen eta makina bihurtu zuten». Komiki korala da bi autoreek “Bertsolari” aldizkarirako osatu dutena. Marrazkilariaren irudiko, zinemako lengoaia erabiliz gero, «kameoen bidez osatutako pelikula bat litzateke». «Saiatu naiz inor ez iraintzen eta guapo ateratzen jendea, baina askotan norbait marrazteko defektuetara jo behar izaten da», askatu zuen berriro txantxetan. Nobela beltz bat izan da azken emaitza, misterio bat eta ikerketa bat tartean dituelako, baina komediak indar handiagoa hartzen duenik ezin uka dakioke lan berriari. 25 URTE 1991ko udaberrian argitaratu zuen lehenengo alea «Bertsolari» aldizkariak. 2016an mende laurdena beteko du bertsogintzari buruzko informazioa zabaltzen.