GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Kopako azken txanpa Leitzan abiatuko da

Jon Rekondo eta Ruben Saralegi neurtuko dira, eta finalerdietarako txartela izango dute jokoan.


Urrezko Aizkolarien Kopa ari da bere helmugara iristen. Gaur abiatuko dira final-laurdenak. Leitzan eta Bilbon izango dira saioak, eta irabazleak finalerdietan izango dira.

Gaurko ekinaldia 19.00etan hasiko da Leitzako Amazabal pilotalekuan; bertan Jon Rekondo eta Ruben Saralegi neurtuko dira. Etxeko bi aizkolari izango dira aurrez aurre eta oso saio polita aurreikusten da. Biak bertakoak izanda, jende asko joango da ikustera, eta batez ere gazte jendea espero da Amazabaleko harmailetan.

Ez da askotan ikusten herri bereko bi gazte elkarren aurka neurtzen, eta gaurkoak xarma hori ere izango du. Orain bi urte Saralegik sekulako denboraldia egin zuen, aurrera jauzi handi bat eginez, baina iaz ez zuen horren denboraldi ona egin. Aurten, berriro ere gora begira jarri da, eta Euskal Herrikoan berriro ere maila nagusira heldu da. Urrezko Aizkolarien Kopa hau izan daiteke bere gorakada konfirmatzeko beste bide bat.

Bi aizkolariak ongi moldatzen dira gaur izango duten lanean. Saralegi kanporaketak gaindituta dator, joan den astean Mugertza II.a menderatu baitzuen. Aizkolari azkarra da, eta finalerdietan izateko itxaropen osoa du.

Jon Rekondok ere ez du aukera alferrik galdu nahi, eta hasieratik egin nahi du zuloa, ondoren saioa kontrolpean eramateko. Ez dago faborito garbirik. Euskal Herriko Txapelketan ere bi aizkolariak Lehen Mailan daude, eta behin kanporaketa hauetara iritsita, edozeinek irabaz dezake. Aizkolari bakoitzak 12 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta irabazleak Aitzol Atutxarekin neurtu beharko ditu indarrak.

Bilbon

Biharko saioa Bilbon jokatuko da Ametzola parkean, 12.30ean hasita. 12 kana-erdiko ebakitzera lehiatuko dira Jon Irazu eta Juanjo Lopez. Datu bitxi bat ere izan daiteke Irazuk irabazten badu; izan ere, horrek finalean Zizurkilgo aizkolari bat izango dela esan nahiko baitu, eta garaipena lortzen duenak Joseba Otaegirekin neurtu beharko du, hau ere Zizurkilgoa.

Azkeneko Euskal Herriko Txapelketa kontuan hartuta, Jon Irazu izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Hura jokatu zenetik, ordea, dagoeneko ia bi hilabete pasatu dira, eta ikusi beharko da biak ere zein baldintzatan iristen diren. Jon Irazuk gora egin du azkeneko urte hauetan eta onenekin lehiatzen ari da. Lopezek, aldiz, behera egin du, eta hori normala ere izan daiteke, adinez ere aurrera baitoa. Hala ere, Lopezek eskarmentu handia dauka, nahiz eta oraingo lehiaketa honetarako ez zaion horren baliagarria izango, lan handi samarra egin behar baitute. Eguraldi ona egiten baldin badu, eta kontuan hartuta ondoan azoka izango dela, jende asko izango da biharko kanporaketa hau ikusten.

Harri-jasotzaileak ere badoaz

Harri-jasotzaileak ere badoaz aurrera, eta aizkolariak izango diren bi saioetan, harri-jasotzaileek ere euren kanporaketa jokatu beharko dute. Leitzan, bi zarauztar, Jokin Eizmendi eta Iñigo Eizagirre, lehiatuko dira. Eizmendi izango da garaipena lortu eta aurrera egiteko faboritoa. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro kopa minutu batean, eta pisu bereko kubikoa eta bola ere erabiliko dituzte, baina azkeneko bi harri hauekin bi minutuko txanda bana egin beharko dute.

Bihar, Bilbon, Telleria IV.aren eta Martikorenaren txanda izango da. Gipuzkoar bat eta lapurtar bat izango dira aurrez aurre, eta horiek ere gaur Leitzan egin beharko duten lan bera egin beharko dute. Nahiz eta askoz ere gazteagoa izan, Telleria IV.a izango da garaipena lortzeko faboritoa. Martikorena ere badator gora, eta saiatuko da gaztea estutzen, baina hendaiarrak zaila izango du urnietarra mendean hartzea, orain arteko maila ematen badu, behintzat. J.L.