2015 AZA. 29 TOPAGUNEAREN MOBILIZAZIOAK HERRITAR, IRAKASLE ETA FAMILIEK ERAIKITZEARI EKIN DIOTE GASTEIZ, DONOSTIA ETA BILBOKO KALEAK ILUSIOZ BETEZ, ETA IRUñEKO ASANBLADAN PAUSOAK ZEHAZTUZ, LOMCE BAZTERTZEAZ GAIN ERAIKUNTZARA SALTO EGIN ZUEN HAINBAT ERAGILEK. Maider IANTZI Mobilizazio eguna izan zuten atzo Hezkuntza Plataformen Topagunearen inguruan bildutako eragileek. Familiak, irakasleak, ikastetxeetako langileak eta herritarrak bildu ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako ekintzetan. Bi konpromiso nagusi hartu zituzten: «Lomceren baitako 3. eta 6. mailako azterketei planto egingo diegu aurten ere» eta «ez dugu Madril, Iruñea edo Gasteizko inposiziorik onartuko; gaurdanik, guk geure hezkuntza eredu propioa eraikiko dugu». Goizean, 55 lagun euskal hezkuntzaren bide-orria marrazten hasi ziren Iruñeko asanbladan. Hiru lantaldetan banatu ziren: ebaluaketa eta etxeko lanak; euskara eta hizkuntzaren trataera; eta parte-hartzea. Leire Barrera Topaguneko ordezkariak adierazi zuenez, jendea ilusionatuta eta gogoz sumatzen zen. «Asanblada hemen geratuko da?», agertzen zuen kezka aunitzek. Barrerak argi erantzun zien aitzinera eginen dutela. Arratsaldean, bostetan, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak alaitasunez betetzeari ekin zioten. Gipuzkoako hiriburuan, adibidez, besta giroan abiatu ziren Bulebarretik. “Inposaketarik ez! Guk, orain, hemen gure hezkuntza eraiki!” lelodun pankarta nagusiaz aparte, herrietako ttikiagoak ere zabaldu zituzten. Denak nahasian ibili ziren, haurrak tartean izanik nonahi jolasean. Aunitzek globoak zeramatzaten, martxa koloreztatuz. Txikitik handira lanean Kartel ttikiak ere bazeramatzaten. Alde batean “Lomceri ez” jartzen zuen eta bertzean “jakintza”, edo “laikotasuna”, edo “publikoa denona delako”... Nahi duten euskal hezkuntzaren osagaiak dira. Hainbat eragile izan zituzten lagun; bertze aunitzen artean, Euskararen Kontseilua, Ikastolak, Sortzen, sindikatuak eta EH Bildu. Txikitik handira lan egiten jarraitzeko determinazioa erakutsi zuten, norberaren errealitate, behar eta nahiak kontuan izanda. «Ez gara inoren zain geratuko, gu izango gara bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzearen protagonista. Hezkuntza sistema propioa proiektu lokalak sortu eta saretuz eraikitzeari ekingo diogu», baieztatu zuten. “Eraiki”, hori izan zen hitzetik hortzera erabili zuten hitza Donostiako martxa osatu zuten 1.200 lagun inguruk. Ibilbidea egin eta Bulebarrera itzuli zirenean, pankartak eskegi eta kioskora igan ziren familiek argi erran zuten aurten ere 3. eta 6. mailako azterketei planto eginen dietela. Txalo zaparrada handi bat eta jendetza batzeak ematen duen indarra izan ziren erantzuna, iaz 3. mailako proba egin ez zuten familiak aipatzean bezala. Horretaz gain, inposizioei aurre egiteko erarik eraginkorrena dela konbentzituta, curriculumak, hizkuntza proiektuak, hezkidetza programak, etxerako lanik gabeko pedagogiak, tokian toki kudeatutako jantokiak... eraikitzen hasiak dira.