2015 AZA. 30 Aizkora Saralegi eta Lopez finalerdietan dira Leitzarrak Jon Rekondo kanporatu zuen, eta Lezaungoak, berriz, Jon Irazu. Jon LEUNDA Ruben Saralegik eta Juanjo Lopezek eskuratu dituzte Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdiak jokatzeko txartelak, Jon Rekondo eta Jon Irazu mendean hartuta. Bi neurketetan aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko ebaki behar izan ditu. Leitzan neurtu ziren Ruben Saralegi eta Jon Rekondo. Bi leitzarren arteko neurketa izan zen, gainera, eta oso saio polita eskaini zuten. Bietan gazteenak lortu zuen garaipena. Saralegi indartsu abiatu zen, eta zuloa egiten hasi zen, baina Rekondok ongi erreakzionatu zuen, baina Saralegi izan zen sei kana-erdikoak ebakitzen azkarrena. 13 minutu eta 34 segundo behar izan zituen, eta Rekondok, berriz, 14 minutu eta 12 segundo. Bigarren zatian ere Saralegik bere lana egin zuen, aurkariari aurre hartzen utzi gabe, eta lan guztiak 30 minutu eta 17 segundoan amaitu zituen, eta 31 minutu eta 5 segundoan, berriz, Jon Rekondok. Juanjo Lopezek, berriz, uste baino askoz ere errazago hartu zuen mendean Jon Irazu; izan ere, azken hau baitzen garaipena lortzeko faboritoa, baina bukaeran nafarrak minutu bat pasako aldea kendu zion. Lehen zatia oso berdintsua izan zen. Oraintxe bat aurretik, hurrena bestea, horrela joan ziren, eta lan erdietan ere gauzak oso parean ziren. Lopezek 15 minutu eta 12 segundoan burutu zituen lanak, eta Irazuk bost segundo gehiago behar izan zituen. Bigarren zatia ere berdin hasi zen, baina zortzigarren enborra mozten ikaragarrizko denbora pila eman zuen Irazuk, eta amaieran hortxe erabaki zen neurketa. 31 minutu eta 38 segundo behar izan zituen Lopezek, eta 32 minutu eta 44 segundo, berriz, Irazuk. Ondorioz, Lopez eta Saralegi sailkatu dira. Harri-jasotzea Urrezko harri-jasotzaileen Kopan, Jokin Eizmendik egin du aurrera, berak hartu baitzuen mendean Iñigo Eizagirre. Zarauztarren arteko neurketan Eizmendi zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Denera, eta egin beharreko lan guztiak eginda, 58 jasoaldi lortu zituen, eta Eizagirrek, berriz, 51. Zilindro koparekin berdindu egin zuten, bakoitzak 19na jasoaldi lortuta, baina koadroarekin eta bolarekin nagusi izan zen Eizmendi. 19 eta 20 jaso zituen, 16 eta 16 Eizagirrek. Guztira Eizmendik 58 jasoaldi lortu zituen, eta 51 Eizagirrek. Azken honek ere lan ona egin zuen, baina oraindik oso gaztea da, eta Jokin Eizmendi, berriz, egun dagoen onenetakoa. Hala ere, biek egindako saioa oso polita izan zen ikusleentzat.