2015 ABEN. 28 Surfa «Point Break» (2015):Film mitikoa berriz ere kalean da Hogeita bost urte geroago «Point Break» film famatua berregin dute, eta, hala, izen berarekin ikusi ahal izango da laster mundu osoko zinemetan. Funtsean, istorioak berbera izaten jarraitzen du, baina oso bestelako filma da. Surf irudi ikusgarriak eta akzioa dira ardatz. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA “Point Break” filma berriz ere kalean da. 1991. urtean mundu osoko zinemetan estreinatu zen surflarientzako filma berregin dute, eta, gidoiak berbera izaten jarraitzen badu ere, garai eta ikusle berriei egokitutako ohiko akzio filma ikusi ahal izango dugu laster pantaila handian. “Point Break” (Urautsia) izeneko lehen film hark surf komunitatean sekulako arrakasta izan zuen 1991n, eta, orain, ia hogeita bost urte geroago, film bera hartu eta aktore eta paisaia berriekin berregin dute. Horrenbestez, istorioa funtsean berbera da: muturreko kirolak maite dituen lagun talde batek lapurreta sofistikatuak egiten ditu eta haien atzetik dabilen polizia ausarta beraien artean nahasten da lapurrak atxilotu ahal izateko. Lehen urautsia Gazteleraz, “Le llaman Bodhi” izenburua jarri zioten lehendabiziko filmari. Frantsesezko bertsioan, aldiz, “Point Break” jatorrizko izenburua bere horretan utzi zuten. Horrenbestez, Euskal Herriko zinemetan bi izenburu desberdinekin ikusi ahal izan zen Kathryn Bigelow zuzendariak egindako filma. Johnny Utah (Keanu Reeves) Los Angeles hiriko polizia bat da eta Angelo Papas (Gary Busey) poliziarekin batera “Presidente ohiak” izenarekin ezagun diren banku lapurrak harrapatu behar ditu. Lapurrak surflariak direla sumatzen dute bi poliziek, eta, hori dela eta, Johnny Utah surf egiten hasten da haien artean nahasteko. Horrela ezagutzen ditu Tyler Endicott (Lori Petty) eta Bodhi (Patrick Swayze). Polizia, Tylerrekin maitemintzen da, eta, artean, Bodhi, muturreko kirolak maite dituen surflaria, lapurren taldeko burua dela konturatzen da. Hortik aurrera bakoitzak bere helburua betetzeko borrokatuko du. Poliziak Bodhi atxilotu nahi du, eta, honek, ez du galdu nahi heltzear den mendeko itsaski handiena. Filma klasiko bat bihurtu zen mundu osoko surflarien artean, edozein surflarik erraz antzeman ditzakeen akatsak izan arren. Esate baterako, aktore nagusiaren olatu gaineko irudietan ezker eta eskuin surflariak nahasten zituzten. Alegia, Bodhi batzuetan ezker surflaria zen eta beste batzuetan eskuin surflaria. Hori ikusle arrunt batek kontuan hartuko ez lukeen osagaia da, baina edozein surflarik pasatzen utziko ez lukeen detailea. Baziren, baina, soilik surflariek kontuan hartzeko moduko keinu positiboak ere. Bodhi antzezteko hautatutako Patrick Swayze aktorearen olatu gaineko eszenak egin zituen surflariak kutsu berezia eman zion filmari. Izan ere, Matt Archbold filmean jasotako testuingurua ezin hobeto ordezkatzen duen surflaria da. Bera eta bere belaunaldiko beste zenbait surflari ospetsu agertzen ziren zenbait eszenatan, ia oharkabean, baina filmari indarra ematen zioten agerpenak ziren surflarien begietara. 80ko hamarkadaren amaiera aldera, Kalifornian, San Clementeko gazteek surfean mugarik ez dela erakutsi zuten. Estetika heavy edota punk nabarmeneko gazteek skate ariketak olatu gainean ere egin daitezkeela frogatu zuten, eta, mundu ikuskera erradikal baten barruan, surfak ere erradikala izan behar zuela aldarrikatu zuten. “New School” izenez bataiatu zituzten. Surf bideo eta aldizkariek sekulako arrakasta zuten garai horretan, eta, hala, lehiaketaz aparte, olatuaren gainean zein uretatik kanpo ere jarrera erradikala izateak sona handia zuen. Matt Archbold eta Christian Fletcher izan ziren surf komunitate berri horren enbaxadore nagusiak. Ileori luzea, tatuaiak, belarritakoak nonahi, tauletan marrazki oldarkorrak, garezurrak... Irudi erradikal hori eta mundu ikuskera hura oso ongi irudikatzen ziren “Point Break” filmean eta horregatik izan zuen halako arrakasta belaunaldi hartako surflarien artean. Surflarientzako ezagunak ziren aurpegiak bakarrik ez, aktoreen artean surf munduari oso lotuta dauden beste arloetako pertsonaiak ere agertzen ziren lehen film hartan, hala nola, Anthony Kiedis Los Angeles hiriko Red Hot Chilli Peppers musika talde famatuko abeslaria ere ikus zitekeen surflari gaiztoaren papera egiten. Gary Busey aktorearen parte hartzea ere aipagarria izan zen. Izan ere, aktore honek surf munduan inoiz izan den film esanguratsuenetako batean hartu zuen parte (“The Big Wednesday”, 1978) eta horrek nolabaiteko sinesgarritasuna ematen zion surf filmari. Detaile txikioi eta aktoreek egindako lanari esker oso film gutxik izan duten sona lortu zuen “Point Break” filmak. Ordutik surfa ardatz izan duten beste zenbait film esanguratsu egin dira, baina oso gutxik lortu dute surf komunitateko bihotzean hain sakon eragitea, horregatik erabaki zuten orain dela hainbat urte “Point Break” filma berrartu eta eguneratzea. Bigarren urautsia Izen berarekin bataiatu du Ericson Core zuzendariak pelikula mitikoaren bertsio berria: “Point Break”. Gazteleraz “Sin límites” izenarekin agertuko da zinema atarietako karteletan, eta, frantsesez, berriz, “Extrême Limite” izenarekin. Filmaren remake-a egiteko aktore bila aritu zen Ericson Core zuzendaria, eta antza, nahikoa lan izan zuen berak nahi zituen antzezleak lortzen. Berriz ere Keanu Reeves aktorea eraman nahi izan zuen pantaila handira, baina honek ezezkoa eman zion. Gero, filmeko protagonista nagusia den Bodhi pertsonaia antzeztuko zuen aktorea Gerard Butler izan zitekeela iragarri zuen. 44 urteko aktore eskoziarrak, beraz, Patrick Swayzek aurreko bertsioan egindako papera bete behar zuen. Butler, “Chasing Mavericks” filmean ikusi ahal izan genuen olatu handietako surflari beterano bat antzezten, beraz, esperientzia bazuen surf kontuetan, baina honek ere atzera egin zuen. Azkenean, bi protagonista nagusiak Edgar Ramirez 38 urteko aktore venezuelarra eta Luke Bracey 26 urteko aktore australiarra dira. Lehendabizikoak Bodhi edo surflari lapurra antzezten du, eta, bigarrenak, berriz, haren atzetik dabilen FBIko polizia. Film originalean Kalifornia hegoaldeko hondartzak eta bertako giroa ziren nagusi. Film berrian, ordea, leku desberdinetara zabaldu da antzezlekua. Guztia ez da surfa eta itsasoa, mendiak eta horma garaietako irudi ikusgarriak ere badaude bertsio berrian. Oraingo honetan, Bodhi muturreko kiroletan aritzen den atleta bat da eta ehun oineko altuera izango duen olatu baten bila dabil. Bodhi eta bere lagunek lapurreta garrantzitsuak egiten dituzte, baina hori bakarrik ez, Bodhi, ekintza politikoak egiten dituen Robin Hood moderno bat ere bada. Horrela, film berriko eszena batean, Bodhik 200 milioi dolar askatzen ditu zeruan, herrialde txiro bateko kaleak dolarrez betetzeko. Itsasoko eszenetan aktoreak ordezkatu dituzten surflari ezagunak bat baino gehiago dira. Teahupooko olatu erraldoietan hartutako irudietan, esaterako, Matahi Drollet bertako surflaria ikus daiteke. Filmaren amaierako azken itsaskian agertzen diren irudietan, berriz, Ian Walsh hawaiiarra agertzen da Pe’ahi urautsiko olatu kolosalak jaisten. Teahupoon filmatzen ari zirela istripu larri bat izan zen. Lukey Braceyren ordezko irudiak hartzeko itsasoratu zen Lauire Towner surflari profesionalak zorigaiztoko erorketa bat izan zuen eta bizitza galtzeko zorian ere egon zen. Masail hezurra hautsita eta zaurituta eraman behar izan zuten ospitalera. Istorioa, beraz, bigarren aldiz kontatzen da, modu desberdinean, James Bond agentearen film baten antz handiagoa duelarik bertsio berriak. Luzea eta aberatsa dirudi akrobazia eta akzio irudietan, baina laburra eta txiroa aktore eta esaldi gogoangarrietan. Denborak eta ikuslegoak esango dute. «POINT BREAK»Gazteleraz «Sin límites» izenarekin agertuko da zinema atarietako karteletan, eta, frantsesez, berriz, «Extrême Limite» izenarekin. LAURIE TOWNERTeahupoon irudiak hartzen ari zirenean Laurie Towner surflari profesionala bizitza galtzeko zorian izan zen zorigaiztoko erorketa baten ondorioz.