2016 URT. 02 HAUR LITERATURA Catherineren munduak Asun AGIRIANO Catherine Certitude” da Patrick Modiano 2014ko Literatura Nobel saridunaren (Boulogne-Billancourt, 1945) haurrentzako eleberririk ezagunena. Berriki Erein argitaletxeak eskaini digu ezusteko polit hau, Juan Luis Zabalak itzulita eta Sempe (Bordele, 1932) Frantziako ilustratzaile garrantzitsuaren marrazki zoragarriekin. W. H. Audenek zioen ez dagoela haurrentzat soilik den liburu onik, eta honekin ere horrelaxe da, helduek ere gustuko izango dute eleberri labur eta eder hau. Narratzailea Catherine da. Egun, New Yorken bizi da eta Parisen igarotako haurtzaroa kontatzen du: dantza ikaslea izan zeneko garaiak oroitu eta distantziak ematen duen urruntasunetik kontaketa goxoa eta zehaztasunez beteriko narrazioa harilkatzen ditu. Iraganari galdetuz, garai hartako giroa eta aitarekin zuen harreman berezia berpiztu ditu, eta 1960ko hamarkadako istorio txikiak, lekuetako xehetasunak eta pertsonaiak deskribatzen ditu. Orduan ondo ulertzen ez zituen kontuak argiago agertzen zaizkio orain. Protagonista bitxiak ukitu umoretsuarekin zipriztinduta aurkezten dizkigu, esaterako, Casterade jauna, aitaren bazkide zorrotz eta “ezpainextua”, lezio moralak ematea atsegin zuena; edo Dismailova andrea, dantza irakaslea, errusiar doinu faltsuarekin hitz egiten zuena. Pertsonaia xume eta xelebre samarrak, Parisko gerra osteko giro pobre eta ilunean bizirauteko gezur txikiak sinetsi behar zituztenak. Catherinek berak ere, pertsona nagusien manien erdian, bere antiojoen botere misteriotsuan sinetsi behar zuen: betaurrekorik gabe mundua leku goxoa, leuna eta lanbrotsua zen. Orduan, denbora gelditzen zen eta ametsetan murgildu zitekeen. Betaurrekoekin, berriz, mundua toki gogor eta zehatza zen. Konparazio polita eta joko bitxia dago istorioaren muinean. Catherineren aita ere betaurrekoduna da, eta alabarekin sentsazio berbera konpartitzen du. Bizitza gogorra izanda ere, munduari bi modutara begiratu ahal zaio, betaurrekoekin edo gabe. Mundu erreala… eta bestea, goxoa eta ferekatzailea, beldurrik barikoa. Orduan denbora gelditzen da, eta dena ondo doa. Haur literaturak betiere jolastu egiten du haurtzarora joateko bidaiaren erronkarekin, helduok sarri-sarri egiten dugun bezalaxe, orduan gertatutakoak gaurko begiekin ikusi eta ulertu guran. “Catherine Certitude” irakurtzea gozamen hutsa da, eta Patrick Modianoren liburuetako ohiko gaiak azaltzen dira hemen ere: iragana eta aldentzea nagusiki. Ofizio misteriotsua du Catherinen aitak, ama aldiz kanpoan bizi da; itxurak gorde egiten dira; joko bat izango balitz moduan, umoretsu agertzen dira handiusteak, goxotasunez apainduak. Moralak ertz asko ditu eta, zenbaitetan, adierazkaitza da. Irudiek gozamen horretan laguntzen dute, Sempek, akuarelaz eta arkatzez egindako marrazkien barruan sartzen gaitu, Parisko ibilaldietan, Montmatre auzoan, Rochechouart bulebarrean edo New Yorkeko 59 kaleko neguan kokatzen du irakurlea, gertaleku horietan gaudela pentsatzeraino. Begirada berezia du Sempek, iradokitzailea oso. Liburu hau gazte zein helduentzat neguko arratsalde baterako irakurketa aproposa dela iruditzen zait. Batez beste ordu pare bat behar duen irakurketa goxo honek zirrara sakona sortu eta gogoa bahituko dizu. Denbora gelditu eta atmosfera malenkoniatsuan murgilduko zaitu. Eta liburuaren azken orrietako aipu honekin amaitzen dut: «Beti geu izaten jarraitzen dugu, eta iraganean izan ginen haiek bizirik jarraitzen dute denboraren amaiera arte».