GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Portugalen hasiko da 2016. urtea Munduko Junior Txapelketarekin

Egunotan Munduko Junior Txapelketa egiten ari dira Portugalen. Bertan dira euren herrialdeetako rankingetan emaitza onenak lortu dituzten hogei urtetik beherako lehiakideak. Euskal ordezkariak ere izango dira tartean: Ariane Ochoa eta Natxo Gonzalez bizkaitarrak.


Behin 2015. urtea amaituta, urte berrian murgilduta gaude jada. Aurtengoan zeri erreparatu behar diogun jakiteko iazko gertaerak kontuan hartzea garrantzitsua da, zer aldaketa eman diren eta aurtengoan nola eragin dezaketen ikusteko. Hori horrela, bada 2016. urteari begira euskal surfari dagokionez berebiziko garrantzia izango duen eta indar handia har dezakeen eremu bat: gaztetxoena.

Iazkoan pausu bat gora egin dutela erakutsi dute gure kostaldeko surflari gazteek. Junior kategorian lortutako emaitzak oso onak izan dira eta aurrera begira emaitza onak lortzen jarraitzeko aukerak ere badaude. Itxura guztien arabera surfa sasoi betean da gurean, eta, gaztetxoak egiten ari diren lana ikusita, etorkizunari itxaropenez begiratzeko abagunea ireki da aspaldiko partez.

Hogei urte bitarteko gazteen junior kategorian emaitza onak lortu berri dituzte euskal lehiakideek 20015. urteko Junior Europe zirkuituan, eta, horri esker, aste honetan bertan Portugalen egingo den Munduko Junior Txapelketan lehiakide euskaldunak ere izango dira. Urtea, horrenbestez, surflari gaztetxoen Munduko Junior Txapelketarekin hasiko da Portugalen eta bertan izango dira lehian Euskal Herriko bi ordezkari, Ariane Ochoa eta Natxo Gonzalez.

Gaztetxoen kategoria

Munduko bost eremu desberdinetan egiten dira junior zirkuituak; Hawaii, Australasia (Australia, Zeelanda Berria eta Polinesia), Afrika, Ipar Amerika, Hego Amerika eta Europa. Zirkuitu bakoitzean lehen postuak eskuratzen dituzten lehiakideek munduko surf txapelketan parte hartzeko txartela lortzen dute, eta, hain zuzen ere, txapelketa horretan bertan erabakitzen da munduko junior txapelduna nor izango den. Horrez gain, munduko ranking orokor bat ere badago.

Junior maila 20 urte bitarteko lehiakideen kategoria da. Neskak eta mutilak data eta leku berberetan lehiatzen dira, eta, adina kontuan hartuta, lurralde bakoitzeko eskola oporren garaian izaten dira txapelketak. Hori bai, mutilen kasuan rankingeko lehendabiziko laurek eskuratzen dute munduko txapelketarako txartela, eta, nesken kasuan, berriz, lehen bi postuetako lehiakideek har dezakete parte txapelketa handian.

Herrialde bakoitzean egiten diren txapelketen baturak osatzen du herrialde horretako zirkuitua, baina proba guztiek ez dute ospe bera. Esaterako, Australiako zirkuitua irabazteak Europakoa irabazteak baino meritu askoz ere handiagoa du, herrialde horretako surf maila hobea baita.

Junior kategorian munduko ranking orokor bat dago, baina herrialde bakoitzak bere zirkuitu propioa dauka, beraz, WSL erakundeak antolatutako junior txapelketa oro mundu mailakoa izan arren, egiten den lekuan biltzen diren puntuak bertako zirkuiturako baliagarriak dira. Sopelako txapelketa, esaterako, Europa mailako txapelketa da, baina baita mundukoa ere. Edozein herrialdetako txapelketetan mundu osoko surflariek dute parte hartzeko eskubidea. Adibidez, australiar batek Europako txapelketa batean parte har dezake puntuak biltzeko xedearekin, baina, hori bai, bildutako puntuak junior ranking orokorrerako izango dira, inoiz ez Australiako rankingerako.

Iaz hiru txapelketa baino ez ziren izan Europan junior kategorian, baina aurtengoan bost txapelketek osatu dute gaztetxoen goi mailako itzulia Europan. Lehen bi txapelketak Portugalen izan ziren, Praia de Baian bata eta Caparican bestea, hirugarren txapelketa Sopelan izan zen, laugarrena Lacanaun (Frantzia) eta bosgarrena Kanaria uharteetan.

Euskaldunak indartsu Europan

Behin 2015. urtea amaituta, oso esanguratsuak izan dira euskal surflariek lortutako emaitzak. Aurtengoan Lapurdiko lehiakideek behera egin dute nabarmen, baina, antza, Gipuzkoa eta Bizkaiko gaztetxoak indarra hartzen hasiak dira eta pixkanaka gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira.

Nesken kasuan, emaitzak itzelak izan dira, lehen hamar postuetan bost euskal surflari baitaude. Ariane Ochoa bizkaitarra bigarren postuan geratu da, Leticia Canales bilbotarra seigarrenean, Nadia Erostarbe zarauztarra zazpigarrenean, Maddi Aizpurua donostiarra bederatzigarrenean eta Ainara Aimat zarauztarra hamargarrenean.

Mutilen kasuan emaitza onak lortzea zailagoa da. Izan ere, babesleek diru gehiago inbertitzen dute eta profesional izateko asmoa duten lehiakide gehiago daude. Gainera, beste herrialdeetako lehiakide gehiago ere izaten dira. Alegia, Australia edo Ameriketako zenbait lehiakide Europako zirkuituan aritzen dira, eta, ondorioz, maila altuagoa eta gogorragoa da. Hala eta guztiz ere, bi dira mutilen Europako Junior Zirkuituko rankingeko lehen hamar postuetan sartzea lortu duten euskal surflariak; bata, Natxo Gonzalez bizkaitarra (hirugarren postuan), eta, bestea, Lens Arancibia lapurtarra (hamargarren postuan).

Natxo Gonzalez

Iazko apirilean Portugalgo Praia de Baia hondartzan egin zen Europako Junior Itzuliko lehen txapelketa eta Natxo Gonzalezek bigarren postua lortu zuen. Horrela, hasiera ona eman zion denboraldiari Plentziakoak. Zirkuituari eman zion jarraipena, ordea, are eta hobea izan zen, izan ere, ekainean itzuliko bigarren proba irabazi zuen Caparicako hondartzan (Portugal). Horri esker, ranking orokorreko lehen postua eskuratzea lortu zuen.

Horrenbestez, Europako Junior Itzuliko rankingean buru izan zen denboraldiaren hasieran Natxo Gonzalez. Gainera, horrez gain, olatu handietako munduko itzulian ere parte hartu du Plentziako surflari gazteak. Olatu handien txapelketa honetan emaitza onik lortu ez badu ere, 24 parte hartzaileen artean egotea itzelezkoa da. Izan ere, oso gutxi dira munduan itzuli honetan parte hartzeko aukera duten surflariak, eta, Natxo Gonzalez, 20 urte eskasekin, orain arteko lehiakide gazteena da gainera.

Pasa den abenduan surfaren historian izan den olatu handietako txapelketa esanguratsuenetako batean izan zen Hawaiin, eta olatu erraldoi batean izan zuen erorketa arriskutsu baten irudiak mundu osoan ezagun egin ziren.

Horrez gain, bestelako txapelketetan ere parte hartzen aritu da Natxo. Aipagarria izan zen martxoa amaieran Hawaiin, Pipelineko urautsi famatuan izan zen txapelketa batean lortu zuen hirugarren postua. Urautsi horretan europar batek halako emaitza lortzea oso zaila da, Hawaiiko olatu zailetan bertakoak nagusitzen baitira gehienetan.

Ariane Ochoa

Nesken kasuan aste honetan Portugalen lehian arituko den lehiakide euskalduna Ariane Ochoa izango da. 17 urteko bilbotar honek ere sasoi betean dela erakutsi du. Mundu osoan nesken surf mailak sekulako jauzia eman duen denboraldi berean Arianek emaitza onak lortzeko gaitasuna erakutsi du eta horrek surf maila altua duela erakusten du.

Orain urte gutxi nesken mailan ezinezkoak ziruditen ariketak ikus daitezke egun kategoria honetan, eta pixkanaka olatu handi eta zailagoak menderatzeko gai direla erakusten ari dira neskatoak. Testuinguru horretan sekulako lana egiten ari da Ariane eta horren ondorio dira lortu dituen emaitzak.

Iazko ekainean Praia de Baian izan zen Pro Junior Txapelketan lehen postua eskuratu zuen Arianek. Gainontzeko txapelketetan puntako postuetan izan zen eta urtea rankingeko bigarren postuan amaitu zuen. Egunotan Portugalen izango da munduko lehiakide onenekin lehiatzen, beraz, urtea indartsu hasteko hasiera ezin hobea da.

Honi buruzko guztia: Surfa