2016 URT. 25 MENDIKO ESKIA Euskal ordezkariak Munduko Kopan, lehenengo hamarren artean Urtarrilaren 16 eta 17an, Andorran jokatutako banakako lehen hitzorduan, Fedme-rekin lehiatutako Iñigo Martinez de Albornoz hirugarren sailkatu zen juniorretan eta Nahia Quincoces bederatzigarren nagusietan. Andoni ARABAOLAZA Mendiko eskiko nazioarteko lehiak hasi dira dagoeneko. Munduko Kopak, adibidez, hilaren 16an eta 17an lehen hitzordua (bost ditu, guztira) izan zuen. Font Blanca lasterketa (Andorra) jokatu zen, eta bi modalitatetan aritu ziren: banakakoan eta erlojupekoan. Gogoratu behar dugu Ismf erakundeak antolatutako zirkuitu horretan euskal selekzioak oraindik ez duela lehiatzeko baimenik. Baina Andorrako lasterketa horretan euskal ordezkariak izan ziren; jakina, Fedme edo Espainiako selekzioa ordezkatuz. Euskal eskiatzaile horiek Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz izan ziren; hain zuzen ere, Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioan jarduten dutenak. Eta, zalantzarik gabe, bi eskiatzaile horiek goi mailako postuak lortu zituzten. Banakako lehian, juniorretan, Martinez de Albornoz podiumera igo zen, hirugarren postuan. Nagusietan, berriz, Quincoces bederatzigarren izan zen. Erlojupeko igoeran, bestalde, gazteena laugarrena izan zen, eta nagusiena zazpigarrena. Munduko Koparen lehen hitzordua izan da, bai, baina argi dago Quincoces eta batez ere Martinez de Albornoz maila onean daudela. Azken honi dagokionez, denek diote etorkizun oparoa duela. Azken pare bat urteotan ingurumari honetan jokatu diren lasterketetan gaztea seniorren pare ikusi dugu. Eta hori, jakina, termometro bezala erabil dezakegu. Seniorretan lehiatzen den euskal eskiatzaileari, berriz, koska bat falta zaio lehen postu horietan sartzeko; baina, alabaina, gogotsu dabil eta maila ederra hartu du. Lehia estuak Font Blanca lasterketaren lehen egunean banakako modalitatean lehiatu ziren. Zoritxarrez, elur ekaitzarengatik lasterketaren ibilbidea aldatu egin zuten. Bestalde, jokatutako lehia horretan argi geratu da, maila handia egoteaz gain, lehen postuak sinatzen dituzten eskiatzaileen artean soilik segundo gutxi batzuen tartea dagoela. Adibide gisa, banakako lehietan izan genuena. Nesketan, Emelie Forsberg Claudia Galiciari gailendu zitzaion soilik 10 segundogatik. Eta mutiletan, Kilian Jornet Michelle Boscacciri 11 segundogatik. Biharamunean, eguraldi egonkorragoarekin, erlojupeko igoera jokatu zen; 730 metroko goranzko desnibela zuen. Jornetek berriro irabazi zuen mutiletan, eta Laura Orguek nesketan. Biak ala biak seniorretan aritu ziren. MUNDUKO KOPA Andorran jokatutako lehen hitzorduan euskal ordezkariek aukera izan zuten lehen hamarren artean sailkatzeko. Iñigo Martinez de Albornozek, juniorretan, brontzea eskuratu zuen.