2016 URT. 25 ANDINISMOA Torre Egger-eko «Psycho Vertical» berriro esnatu dute 29 urte igaro ondoren, Tomy Aguilo, Carlitos Molina, Iñaki Coussirat, Roli Striemitzer eta Korra Pescek esloveniarren bidearen lehen errepikapena sinatu berri dute. Gainera, estilo alpinoan igo dute. 950 metroko bidean 6b, A3, M8 eta 90º zailtasunak gainditu dituzte. Andoni ARABAOLAZA Patagoniako ohiko denboralditik berri interesgarriak iristen ari dira. Eta horien guztien artean azpimarratzeko modukoa dena urtarrilaren 8an egin zen. Tomi Aguilo, Carlitos Molina, Iñaki Coussirat, Roli Striemitzer eta Korra Pescek Torre Egger-eko “Psycho Vertical” marraren lehen errepikapena lortu zuten. Eta hori guztia gutxi ez eta, jarduera bikain hori estilo alpinoan biribildu egin zuten. Berez, hasieran bi sokadatan banatu ziren, baina amaitu elkarrekin bukatu zuten. Eskalada horrek izan duen eite aipagarrienetariko bat honakoa izan daiteke: 1986. urtean zabaldu zen, eta, beraz, bigarren igoera hori 29 urte geroago iritsi da. Marra hori sortu zutenak garai hartako alpinista sasoikoenetarikoak izan ziren: Janez Jeglic, Silvo Karo eta Francek Knez. Hirukote horrek Torre Egger-eko hego-ekialdeko aurpegian bide zuzen-zuzena sortu zuen. Torre Egger eta Cerro Torreren artean dagoen korridore arriskutsu batetik hasten da, eta, ondoren, eroria duten artesi sistema batetik eta diedro batetik jarraitzen du. Gailurrera iristeko, berriz, “Amerikarren” marrari lotzen zaio. Guztira, 950 metro horiek eskalatu ahal izateko, esloveniarrek 6c, A3 eta 90° zailtasunak gainditu behar izan zituzten. Aipatzeko modukoa da alpinistok lehen 550 metroak soka finkoekin antolatu zituztela. Haiei esker, jarduera oso azkarra egin zuten: 22 orduko joan-etorria. Inolako zalantzarik gabe, Jeglic eta Karok Patagonian erdietsi zuten jarduera bikainena izan zen. Haren amaieran, Karok honakoa adierazi zuen: «Kontuan hartuta pareta horiek duten garaiera eta eguraldiaren bat-bateko aldaketa azkarrak, uste dut ‘Psycho Vertical’ bidea ezinezkoa izango dela benetako estilo alpinoan igotzea». Bada, 29 urte igaro badira ere, arestian aipatu dugun boskoteak argi utzi dio Karori oker zebilela. Errege egunean alpinistok bat egin zuten norvegiarren bibakean. Eta bitxia bada ere, bi sokadek helburu bera zuten: “Psycho Vertical” estilo alpinoan igo. Aguilo argentinarrak, Striemitzer austriarrak eta Pesce italiarrak lehen taldea osatu zuten. Bidearen oinarrian jarri ziren, eta atzean Coussirat eta Molina argentinarrak zituzten. Korridorearen sekzioan Striemitzer buru zegoen, eta era eraginkorrean tarte hori igo zuten. Ondoren, Aguilo artifizialeko luzeetan sokaburu jarri zen, nahiko mantso eskalatuz. Zortzi luze egin eta gero, beste sokadak harrapatu zituen. Eta une horretan lanak elkarrekin partekatzea erabaki zuten. Bi lagunentzat egokia zen bibak batean boskoteak gaua igaro zuen. Gailurra zapaldu, eta jaisten zirela, tontorretik oso gertu, bigarren bibaka egin zuten. Biharamunean, “Amerikarren” bidetik jaitsi ziren. Era horretan, aipatu dugun boskote horrek Patagonian amets asko piztu duen bide eder zein gogorraren lehen errepikapena erdietsi du. Pescek aurreratu duen bezala, amets hori egia bihurtzeko gai izan dira: «Jakin banekien, esloveniarrek Torre Egger-eko hego-ekialdeko aurpegian agerikoa den bide bat zabaldu zutela. Esloveniarrek Patagonian lau bide gogor zabaldu zituzten, eta garai guztiak kontuan hartuta argi daukat eskalatzaile onenetarikoak izan zirela. Guk haien marra bat igo berri dugu, baina beste hirurak errepikapenik gabe daude. Guk ‘Psycho Vertical’ aukeratu genuen, besteak beste, uste genuelako arrokaren kalitatea hobea izango zela. Eta gainera arrakasta lortzeko bide egokiagoa iruditzen zitzaigun. Zalantzarik gabe, bide ikaragarri honek muturreko eskaladak gustuko dutenen irudimena piztu egiten du». Eta gauza bera gertatu zaio italiarrari. Pescek aitortu du Patagoniara asmo ezberdin batzuekin joan zela: «Karo eta enparauen bideek aura zein kondaira berezia dute. Duela urte batzuk, Cerro Torreko ekialdeko paretaren eta Torre Egger-eko hego-ekialdeko paretaren oinarrian nengoen. Gaua zen, eta ilargiaren argitasunari esker bi dorre horien ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izan nuen. Pareta horiek eskalatzea nire lehentasunen artean zegoen. Eta bide ikaragarri horiek igotzeko nahi horrekin Patagoniara behin eta berriro itzuli naiz. Aurten ohiko 23 kiloko bizkar-zakuarekin iritsi nintzen. Eta, jakina, makina bat amets eta xede erorekin. Tomik bat egin zuen nire asmoekin, eta jakin banekien jarduera zail bat egiteko aukerak izango genituela, nire sokakideak Patagonian makina bat aktibitate bikain egin dituelako. Roli, berriz, goi mailako alpinista da. Ez dakit ‘Psycho Vertical’-ek beste saio batzuk jaso dituen, baina Rolando Garibotti eta Ermanno Salvaterrak bide hau probatzea aholkatu zidaten». «Eguraldia giltza izan da» Alpinista italiarrak onartu du bide horretan arrakasta izateko eguraldia giltza izan dela: «Egun eder batzuk iragartzen zituzten, baina tartean haizeteekin. Eguraldi onarekin, El Chaltenetik hilaren 6an irten ginen. Gure asmoa bidearen behealdea (zati hori babesean dago) eta gailur eguna iragartzen zuten haizeteekin eskalatzea zen. Horrela betetzen bazen, egun baten erdia eta jaitsiera nahiko lasai izango genuen. Eta, azkenean, egutegi horri jarraitu genion, eta uste dut geure arrakastaren giltza izan zela». Bidearen ezaugarriei eta zailtasunei dagokienez, Pescek onartu du agian inoiz eskalatu duen biderik zailena izan dela: «Hasieratik amaierara arte oso zaila da, eta inoiz ez dut hainbeste eskalada artifizial egin. Artesi asko eta asko oso heze eta verglasarekin zeuden. Eta horrek guztiak izerdi piloa botatzera behartu gintuen; izan ere, artesi horiek garbitzen denbora asko pasatzen genuen. Hori batez ere goialdean izan zen, eta sekzio horiek ez ziren batere agerikoak. Diedroa mistoan eskalatu behar izan nuen; estilo horretan Mont Blancen asko eskalatzen dut, eta eskarmentu horrek asko lagundu zidan. Nik uste dut 6b, A3, M8 eta 90° zailtasunak gainditu genituela. Sekzio horiek guztiak eskalatu ondoren, gailurraren azpian dauden elur perretxikoetara iritsi ginen. Pozarren nengoen tontorra gertu genuelako, eta bigarren aldiz Torre Egger-eko gailurra zapaldu nuelako». Esloveniarrek duela 29 urte eginiko jarduerari buruz, alpinista italiarrak adierazi du ikaragarria izan zela: «Gauza bat esloveniarrek eginiko eskalada irakurtzea da eta bestea haien bidea errepikatzea. Uste dut inoizko alpinista onenetarikoak izan direla. Ohorea izan dugu ‘Psycho Vertical’ bezalako bide bat eskalatzeko. Gainera, estilo alpinoan eta nahiko azkar eginiko jarduera izan da. Nahiz eta Tomy, Roli eta hiruron xedea izan, azkenean Carlitos eta Iñakirekin bat egin genuen. Eta uste dut lan ederra egin genuela. Patagonian oraindik gauza eder asko egiteko aukera dago. 2005. urtean ‘El Arca de los Vientos’ eskalatu zenetik (norvegiarren ‘Venas Azules’ bidearen lehen igoerarekin), azken urteotan alpinista batzuk ezaugarri horiek dituzten bideak igotzen ausartu dira. Hurrengo urratsa hormatzar ikaragarri horietan ekuazioari arazo gehiago gehitzea izango da». ESTILO ALPINOAN Silvo Karo, Janez Jeglic eta Francek Knez esloveniarrek zabaldutako bidea errepikatzeko 29 urte pasatu behar izan dira. Boskoteak, gainera, estilo arinean eskalatu du. ELKARREKIN Protagonistek norvegiarren bibakean bat egin zuten. Hasieran bi talde ziren, baina gailurrerako bidean elkartu ziren. 6b, A3, M8 eta 90º zailtasunak gainditu behar izan zituzten. BIGARREN IGOERA Tomy Aguilo, Roli Striemitzer, Iñaki Coussirat, Carlitos Molina eta Korra Pescek Torre Egger-eko «Psycho Vertical» bidearen lehen errepikapena sinatu berri dute.