2016 URT. 30 HELDUEN LITERATURA Baiona bada Estibalitz EZKERRA Eguneroko gertaerek unean bertan eragiten dituzten pentsamendu eta gogoetak dituzte oinarri Bea Salaberriren “Baionak ez daki” bildumako 33 ipuinek. Batzuetan gogoeta horiek objektu jakin baten ondorio dira, direla mandarinak, emakumezkoen zakuak, garbigailua, ator botoia, aterki bat, amaren armairua, bixkotxa, karpeta zahar bat, zein “invizimals” karta joko bildumagarriak. Bestetan, ekintza jakin baten harira sortzen dira gogoetak, esaterako goizean goiz, oraindik erabat argitu ez duenean eta fresko samar denean, etxetik lanerako bidean doanean narratzailea, zeharkatzen dituen kaleek zein gurutzatzen dituen ezezagunen hizketaldi moztuek pizturiko estimuluek eraginda. Narratzaileak protesta egingo du; damu da «ez goizago abiaturik, amildu aitzin ikusgarria hobeki, luzeago, gehiago gozatzen ahalko bainuen, azken izarraren itzaltzea, zeruaren kolore arrosa horailak, nabardura guziez jabetu arte, orainaren ifrentzuan den momentu xoragarria haztatu eta hari heltzeko» (9). Irakurleari, ordea, iruditzen zaio ipuinak berak ezin hobeto jasotzen duela momentua, auto aparkatu berritik lanerako tarte hori alegia, behin bakarrik gertatzen dena, narratzaileak hamaika aldiz egin eta egingo badu ere bide bera. Momentua ez baita ekintzara mugatzen, ezta hark eragindako pentsamenduetara, gogoeta zein oroitzapenetara, ezta kokalekuaren ezaugarrietara edota hura jazotzen den eguneko ordura. Aitzitik, horiek guztiek bat egiten duten modu zehatzaren emaitza dira, eta horregatik dira, hain zuzen, errepikaezinak. Bada, hala ere, bildumako ipuin / momentu guztietan, haien unean uneko izaerari kalterik egin gabe, konstantea den zerbait. Denak daude Baionan edo Baionaren inguruan kokatuta. Datu horrek ez luke garrantzi handirik izango (hiria hiri da, azken batean) salbu eta euskal literaturaren kanonean “hiria” Bilbo edo Donostiarekin identifikatu izan delako. Ildo berean, Pirinioen hegoaldean jazotakoa Euskal Herri osoaren adierazgarritzat jo ohi da maiz, Pirinioen iparraldean daudenek Hegoaldearen diskurtsoa (Iparraldearena berarena bezala) bestela bizi badute ere. “Baionak ez daki”-ko ipuinek, salbuespenik gabe, Hegoaldezentrismoa modu argian desplazatzen badute ere, Hegoaldearen irudimenetik kanpo dauden momentuei toki eginez, “Txipiroiak Donostian”-ek toki berezia merezi du Ipar/Hegoalde diskurtsoa itauntzeko duen modu trebeagatik. Memoriaren mekanismoei aipamen eginez abiatzen da istorioa. “Bitxia” iruditzen zaio narratzaileari memoria zeinen selektiboa izan daitekeen, «ez hainbeste selektiboa baita nahi duena gordez, baizik eta nahi duen forma eta asoziazioekin egiten duelako» (19). Asoziazio horiek ez dira halabeharrez gertatzen; aitzitik, hainbat eragile geografiko, kultural, politiko, ekonomiko eta sozialen ondorio dira. Jarraian narratzaileak azaltzen du 2011ko urtarrilaren 10ean bera bezala Donostiako Amara auzoan zebiltzan askok ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen eguna bezala gogoratuko dutela. Berak, aldiz, Gipuzkoako hiriburura eraman zuen bileraren ostean txipiroiak jan zituela du akorduan, zerbitzariak gazteleraz azaldu menuan uler zitzakeen bi plateretatik bat. «Hegoaldekoek bakarrik egiten dakizkiten ebaki ahotik ezin utzi horietarik» edan ostean, Baionarako bidea hartu zuten narratzaileak eta lankideek. «Egun historikoa izateak alde batean ez baitzigun egiteko demasa ezeztatuko bestaldean» (22). Doinu ironikoan hasi eta amaitzen da ipuina, ironia bezalakorik ez baita momentu jakin batzuen absurdotasunaren aurrean.