GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Munduko onena Euskal Herrian erabakiko da

Bihar bertan jokatuko da lehen kanporaketa eta hamasei kirolari lehiatuko dira bertan.


Aizkolarien Mundu Txapelketa antolatu du Egur Sport enpresak, eta lehen kanporaketa bihar bertan jokatuko da Aguraingo pilotalekuan. Ez dira izango munduko bazter guztietakoak, baina bai leku askotakoak. Euskal aizkolariez gain, Espainiak, Txekiak, Italiak eta Australiak izango dute ordezkaritza, eta antolatzaileek Suitzakoak eta Frantziakoak ere hemen izatea espero dute, nahiz eta herrialde horietakoek ez duten oraindik baieztatu izango direnik.

Hiru zati izango ditu txapelketak eta aurreneko bietan kanporaketak jokatuko dira eta bakoitzeko bi onenak sartuko dira finalera. Azkeneko ekinaldian, Australiako, Txekiako, Italiako, eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako txapeldunak izango dira, eta, baieztatzen badute, baita Frantziakoak eta Suitzakoak ere.

Aurreneko kanporaketa bihar bertan jokatuko da Agurainen, 12.00etan hasita. Kanporaketa azkarrak izango dira eta aurreneko biek lortuko dute finalerako txartela. Bertan, Euskal Herritik  Aitor Jauregi, Iñaki Kintana, Eloi Kortxero, Iban Resano, Asier Pellejero, Daniel Vicente, Eneko Saralegi, Aitor Senosiain, Ruben Saralegi, Julen Kañamares, Felix Etxeberria, Mieltxo Mindegia eta Juanjo Lopez arituko dira. Espainiatik berriz, hiru izango dira lanean arituko direnak, Juan Rodriguez segoviarra eta Esteban Muñiz eta Dani Lopez asturiarrak. 

Kanporaketak bi 45 ontzako moztera izango dira, eta horrelaxe jarraituko dute bi geratu arte. Azken bi horiek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Beraz, saio azkarrak eta politak izango dira, eta horrelako lantegi motzetan denei zabaltzen zaizkie aurrera egiteko aukerak. Edozein deskuidu ere nahikoa da kanpoan geratzeko.

Bigarren kanporaketan, berriz, beste horrenbeste aizkolari lehiatuko dira. Hori otsailaren 6an edo 7an izango da. Hortik, beste bi aizkolari sartuko dira finalean herrialde bakoitzeko, eta atzerritarrekin batera lehiatzeko, eta han erabakiko da aurtengo txapelduna.

Kanporaketetan gertatzen dena gertatzen dela, finala oso erakargarria izango da; izan ere, han izango dira Atutxa, Vicente II.a, Jauregi, Azurmendi eta O’Toole australiarra. Italiako eta Txekiako aizkolarien izenik ez da oraindik ezagutzera eman, ez eta Frantzia eta Suitzakoenik ere. Finala otsailaren 21ean jokatuko da, eta orduan jakingo da onena zein izan den.

Aurreneko kanporaketa honetako faboritoak aipatzea ez da erraza; izan ere, lan motzak direnean gauzak asko aldatzen dira. Hor abiadurak eta indarrak garrantzi handia dauka, eta Daniel Vicente izan daiteke faboritoetako bat, Ruben Saralegirekin eta Mieltxo Mindegiarekin batera, baina lan klase hauetan edozer gerta daiteke.

Espainiarren artean Rodriguez da ezaguna, eta ez dirudi hiru onenen artean sartuko denik. Asturiarren lana, berriz, airean dago, ezezagunak baitira hemen, nahiz eta hango onenetakoak izan. Lan luzeak egiten ohituta daude Asturiasen, eta Euskal Herrira ere lan ona egiteko asmoz datoz.

Horrek guztiak osoa saio erakargarria bihurtzen du, eta jende asko izango da Agurainen. Gipuzkoatik eta Nafarroatik gertu dago, eta seguru asko jende asko batuko da aurreneko kanporaketa ikustera.

Denontzat da lehiaketa erakargarria

Aizkora indarra hartzen ari da berriro. Ez du izango orain dela 20 urte edo gehiago zuena, baina garbi dago orain ere sasoiko dagoela. Gazte asko etorri dira atzetik, urte batzuetan falta izan direnak, eta orain Mundu Txapelketa jokatuko da. Horrek beste herrialde batzuetako aizkolariak ikusteko aukera emango dio aizkora jarraitzaileari.

Egia da lan laburra izango dela, ez da hemengo txapelketan egiten den luze horietakoa, baina atzerrian normalean horrelakoak ez dira egiten. Jadanik hemen dabil O’Toole australiarra, eta Urrezko Aizkora ere jokatzen ari da. Maila izugarria erakutsi du lehen saioetan. Biharko kanporaketan espainiarrak ikusi ahal izango dira. Segoviarra ezaguna da hemen, baina ez asturiarrak. Italiarrak eta txekiarrak ere izango dira finalean, eta suitzar eta frantziarrak ere espero dituzte. Benetan txapelketa erakargarria geratu da denentzat. Aizkolarientzat ere polita da horrelako lehiaketa bat.   J.L.