2016 URT. 31 III foro social, monográfico sobre el desarme Segurtasuna, borondate politikoa eta gardentasuna R.S. GERNIKA Berghof Fundation-eko kide Veronique Dudouet-en hitzaldian Irlanda, Myanmar, Banda Aceh, Hegoafrika eta Ekialde Hurbileko egoerak agertu ziren, guzti-guztietan armagabetze prozesuak izan direlako. Horien bukaerak oso ezberdinak izan dira: batzuetan armak etsaiaren eskuetan utziak izan dira, besteetan beruna urtu eta horrekin bakea islatzen duten eskulturak altxatu dira eta herri batzuetan itsasoan betiko urperatuko dituzte. Baina auzi horietatik irizpide orokorrak ere ondoriozta daitezke, eta horretara jo zuen adituak, Euskal Herrian kontuan hartzekoak direlakoan. Gardentasuna aipatu zuen lehen-lehenik. Armak desagerrarazteko prozesuak arrakastatsu izateko «konfidentzialtasun maila bat» behar duela ukatu gabe, «jendeak horren frogak ikusteko eskubidea» duela nabarmendu zuen Dudouetek, are gehiago «elkarrenganako konfiantza» ezinbesteko osagaia dela eta. Adibide gisa, Myanmarren KNU izeneko gerrillak eta Gobernuak bulego komunak ireki dituzte, aurrerapauso zein oztopoen berri aho bakarrez emateko. Aceh Bandan ere antzekoa gertatu da. Aski ezaguna den Irlandako irtenbidea erantsi zuen. Armagabetzearen irudirik ez zen izan, IRAren ustez horrek Gobernu britainiarraren aurrean men egiten zuela irudika zezakeelako, baina egiaztatze prozedurak aurkitu ziren, prozesuaren sinesgarritasuna bermatzeko. Hemen hauxe nabarmendu zuen adituak: «Armagabetzea ez litzateke errendizioarekin lotu behar, ez eta negoziazio itxi eta ezkutu batekin ere». Prozesuan parte hartzen duten guztien segurtasuna bermatzea ere ezinbestekoa dela erakutsi dute bururaino eraman diren saialdiek. Aceh Bandakoa berriro mahai gainean jarriz, horretarako bereziki trebatutako ikuskatzaileek toki berezietan armak gordetzen dituztela azaldu zuen. Hainbatetan legeak ere horretarako moldatu behar direla erantsi zuen Veronique Dudouetek. Eta bere esanetan, ez dute ekintzaile armatuek eta gobernuko ordezkariek soilik behar segurtasuna; «begiraleek ere behar dute». Euskal Herria ez zuen bere analisian aipatu, baina bistan da hori zuela buruan, ezaguna baita ETAren arma eta lehergailuen zigilatze prozesuan parte hartu duten nazioarteko ikuskatzaileak Auzitegi Nazionalera eta Baionako komisariara eramanak izan zirela duela bi urte. «Nahia da gakoa» Lan tekniko asko dago, baina gauza guztien gainetik borondate politikoa izatea dela gakoa ziurtatu zuen Berghof Foundationeko adituak. Adibide hau jarri zuen: «Gaur egun badakigu Irlandan ekintzaileek etxeko lehergailuak, morteroak eta abar egiteko aukera dutela, egiteko jakinduria oraindik badutela alegia, eta horregatik, beren konpromiso politikoa da garrantzitsuena. Hori da benetako bermea». Borondate politiko irmoa izateak, gainera, armagabetze prozesuak nabarmen azkartzen dituela erakutsi zuen. Hala, Aceh Bandakoa eta Kosovokoa, esaterako, «hiru hilabete eskasean burutu ziren, azkar batean». Hegoafrikan, aldiz, ANCk 1988. urtean eman zuen bere jarduera armatua behin betiko uztearen seinalea, baina hamarkada luzea behar izan zen benetan armak indargabetu zitezen. Ikusleek galderak egiteko tartean, Estatu espainolak parte hartzeko borondaterik gabe segituz gero Europar Batasunak armagabetzea bultza ote lezakeen itaundu zioten Dudoueti. «Ezin dut hori irudikatu –aitortu zuen adituak–. Estatu espainolak parte hartu beharko luke, era batean edo bestean. Edo behintzat Europar Batasunari egiten utzi beharko lioke, nolabaiteko baimena eskainiz». Are ezkorrago ageri zen Brian Currin aukera horren aurrean: «Hori ezin da inola ere gertatu, ezinezkoa da».