2016 OTS. 01 ALPINISMOA Tour Ronderen mendebaldean mistoko marra berria sortu dute Urtarrilaren lehen egunarekin, Matt Helliker eta Jon Braceyk osatutako sokadak «Hangover» bidea bukatzeko aukera izan zuen. Protagonisten esanetan, sei luze eta M6+ zailtasunak dituen bide hori harribitxia da, eta klasiko bihurtzeko aukera handiak ditu. Andoni ARABAOLAZA Matt Helliker eta Jon Bracey alpinista britainiarrak askotan ekarri ditugu orriotara. Sona handiko alpinista zailduak dira, eta mundu zabalean goi mailako makina bat jarduera egin dituzte. Nahiz eta britainiarrak izan, makina bat urte daramate Alpeetan bizitzen. Mendi gidari lanetan dihardute, eta, jakina, batez ere Mont Blanceko mendilerroko txoko gehienak bisitatu eta ezagutzen dituzte. Azken urteotan, ingurumari horretan jo eta su jardun dute sormen lanak lantzen. Eta urtarrilaren lehen egunarekin, proposamen berri bat inauguratu zuten; hain zuzen ere, Tour Ronderen mendebaldeko aurpegian. Sokada horrek murru horretan sei luze dituen “Hangover” izeneko marra sortu zuen. Eta azkenaldion bezala, bide horren ezaugarri nagusia mistoko eskalada da. Zailtasuna, berriz, M6+ gradukoa. Hellikerrek aipatu duenez, Stu McDonald kidearekin batera Tour Ronderen mendebal aurpegira hurbildu zen: «Pareta horren ezkerraldera artesi sakon diagonal bat ikusi nuen; hain zuzen ere, ‘Mollier-Payot’ eta ‘You play with fire’ arrokazko bideen artean. Artesi horrek marra bat sortzeko aukera ederra eskaintzen zuen, baina ez nekien aldez aurretik eskalatuta zegoen». Egoera hori argitzeko, alpinista batari eta besteari galdezka aritu zen: «Ingurumari hartako italiar zein frantziar guruekin hitz egin nuen, eta adierazi zidaten pareta hartan mistoko bideen gaineko informaziorik ez zutela. Soilik gehitu zidaten artesiaren ondoko kontrahormaren arrokaren kalitatea bikaina zela. Hori guztia aipatuta harrituta geratu nintzen han mistoko biderik ez zegoelako». Hellikerrek nahiko argi zeukan egun horretako plana: paretaren sarrerara hurbildu, luze batzuk eskalatu eta azken teleferikoan jaitsi. Beraz, beste era batera esanda, protagonistok ez zuten bibakik egin nahi. Beste aukera bat, Valle Blancetik eskiatzen jaistea zen, baina elur gutxi zuen. Aurreneko saioan, MacDonald eta Helliker Tour Rondeko mendebaldeko paretara hurbildu ziren: «Lau luze eskalatu genituen; mistoko luze bikainak izan ziren! Gainera, artesien barru-barruan izotz ona zegoen. Eta horretaz eskalatzen ari ginen bitartean soilik ohartu ginen; izan ere, kanpotik ez zen ikusten. Bilera zahar batekin egin genuen topo; uste dut arrokazko bide zahar batena izango zela. Lan hori egin eta gero, Stu eta biok haranera jaitsi ginen. Hori bai, argi geneukan hasitako lanak bukatzera itzuliko ginela». Harribitxi bat Urtarrilaren lehen eguna iritsi zen eta, Hellikerrek azaldu duenez, azken unean kidez aldatu behar izan zuen: «Stuk esan zidan konpromiso batzuk zituela; agian, biharamun handia izango zuen! Orduan, Joni esan nion, eta baiezko erantzuna jasota, bidea bukatzera abiatu ginen. Marraren amaieran bibakik egiteko gogorik ez genuenez, Jonek eta biok azkar eskalatzea erabaki genuen. Lehendabiziko lau luzeak ezagunak nituenez, oso erritmo onean igo ginen. Berriro ere artesien barruan zegoen izotzaren kalitatea bikaina baino bikainagoa zen. Ondoren, denbora asko eskatu zigun 55 metroko beste luze bat eskalatu genuen. Une horretan ertzarekin eta ‘Mollier-Payot’ bidearen bilera batekin bat egin genuen. Sormen lanari amaiera logiko bat eman genion; izan ere, ertzean bertan bukatu genuen. Bost rapel egin ostean, azken teleferikoa hartu eta iluntzerako etxean ginen». Mistoko proposamen hori borobildu ondoren, Hellikerrek onartu du bide ederra eta erakargarria dela: «Ezkutuan zegoen sei luzeko harribitxi bat sortu dugu. Gainera, babesteko aukera onak ematen ditu; uste dut gozatzeko marra paregabea dela. Ingurumari horretan dauden klasikoen alternatiba bihurtzeko aukera handiak ditu».