GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Desegin, egiteko


Gizonezko oso gertuko batek eskaera egin dit: arren eta faborez txoko honetan gaia plazaratzeko, behingoagatik norbaitek egia esan dezan. Eskatu dit hitz egiteko gizonen eta emakumeen arteko sexu-harremanez, sexu-harreman ezaz, zehazki. Berak dio bere mutil-kuadrillan den-denak kexu direla ez dutelako txortan egiten, edo lantzean behin baino ez dietelako uzten. Berak dio, serio demonio, emakumeok harremana hasi eta seigarren hiletik aurrera (aldakorra, baina ez gehiegi, emakumearen arabera) larrua jotzeko interesa galtzen dugula, edo ez dugula gustuko edo paso egiten dugula. Berak dio, hori dela-eta, bikote pila bat dagoela puskatuta. Berari ez zaio batere ondo iruditzen inork –bereziki emakumeok– ez hitz egitea argi eta garbi horretaz; berak dio horixe dela oro har gizon heterosexualen ustea, eta arazoa. Txarrena da, inguruari so eginda eta entzunda, ziurrenik arrazoia duela.

Bada, esan dezagun egia borobila, edo desegin ditzagun gezurrak: sexu-grina ez da soilik gizonen, guzti-guztien, berezko ezaugarria, eutsi ezinezko premia, nola edo hala ase beharreko kontu fisikoa; sexu-gogoa ez da %100 gizonezkoengan eta % askoz txikiagoa emakumeongan; sexu ezak ez ditu suntsitzen bikoteak, sintoma horren atzean egon ohi den bestelako nahaspilak baizik (inkomunikazioak, konfiantza ezak, koldarkeriak, asperraldiak...).

Desegin ditzagun, etxe barruan eta kanpoan, generoaren arabera esleituriko sexualitateari buruzko mito faltsuak, eta desegin ditzagun gizon eta emakumeok elkar hartuta, etsaikeria absurdo hori betiko baztertuta. Hitz egin dezagun elkarrekin, beldurrik eta konplexurik gabe, atsegin dugunaz eta ez dugunaz, unean uneko sentimendu eta sentsazioez (ez direlako berdinak izango beti), eta izan gaitezen eredu hurbil eta erreal gure inguruneko gaztetxoentzat, beren sexualitatea batez ere pornografia eskasaz eta horren araberako genero-rolez, eta fantasiez, elikatzen ari diren gure osteko belaunaldientzat.

Ez gara ari inori mesede egiten, eta kontua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, sexuaren gainean betiko lez mintzatzen, betiko txantxak egiten, betiko estereotipoak iraunarazten. Sexuaz ziur baiezta dezakeguna da ez dagoela modu bakarra: zenbat buru, hainbat aburu, gustu eta jokabide sexual. Zer edo zer plazaratzekotan, aldarrikatzekotan (premiazkoa delakoan nago), ondokoa izan behar da: sexu-heziketa zergatik ez da oraindik derrigorrezko ikasgaia gure eskoletan?