2016 OTS. 18 GUTUNAK Ongi etorri, Correscales! JOXE IRIARTE, «BIKILA» Grupo Oarso Taldearen izenean Gaur Bilbotik abiatu eta 22an Bartzelonan bukatuko den prekaritatearen aurkako korrikak Correscales izena du. Izen horrek Movistar-eko langileen eskuko eskailerarekin eta korrikarekin hitz jokoa egiten du. Europar Batasuna estatuek eraiki omen dute; pertsonen joan-etorri librea bultzatzeko, europarren berdintasuna sustatzeko, kultur aniztasuna lantzeko, bizikidetasun zubiak eraikitzeko eta abar. Polita, ipuina. Hilaren 19an Hernanitik Donostiarako bidea egingo du, Oarsoaldea gurutzatuz. Ekimenaren berri jakin genuenetik gure taldea buru-belarri dabil ahalik eta arrakastatsuena izan dadin. Inauterietan, jaia eta borroka uztartuz, txirigota bat antolatu genuen, bidenabar bizi dugun egoera sozial tamalgarria salatzeko. Eta 19an, gure eskualdera iristen denean, ongi etorri jendetsu eta alaitsua egin nahi diogu, batez ere Oreretako Herriko Plazan; handik aurrera txirrindulari talde bat gehituko zaio Donostiaraino. Izan ere, gure ustez, duela pare bat urteko Duintasunaren Martxarena bezala, Correscalesen bertute nagusia da egoerari aurre egiteko lehengo pausoa etsipena alboratzea duela. Langile esplotatu, pertsona zanpatu, egoera tamalgarrian dagoen oro duintasuna berreskuratzeko abian jarriz, pausoz pauso, kolpez kolpe aurrera eginez; borroka moldeak berrituz, talde sozial desberdinen arteko loturak josiz; hitz batez, borrokarako behar den elkartasuna eraikiz. Asko hitz egiten da egoera politikoaren gainean, batez ere parametro instituzionaletan, baina oso gutxi benetako aldaketarako behar den herri borroka aktibatzeko moduaz. Herritar sareak nola harilkatu, jendartea nola ahaldundu. Alegia, instituzioetan oinak jartzea ondo dago, baldin eta aldi berean milaka badabiltza kaleak astintzen. Egin dezagun bat Correscalesekin, nork bere herri eta eskualdean, Bilbotik Bartzelonaraino.