2016 OTS. 22 Surfa Egin ezazu zeure olatua: Suedian hasi dira olatuak sortzen Suediako hiru lagunek beren herrialdean olaturik ez dutenez, olatu propioa eraikitzea erabaki dute. Bi bitarteko nagusiz baliatu dira proiektua gauzatzeko, irudimenaz eta arrapala bat egiteko zurezko oholez. Aurrerantzean edonork eraiki dezake bere gustuko olatua. Azken eguneraketa: 2016 OTS. 22 - 09:35h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Surf egiteko, ezinbestean, olatuak behar dira, baina olatuak ez dira itsasoan soilik izaten. Sarri itsasoak ere ez du laguntzen eta kalma zuria izaten da. Laku handietan, lantzean behin haizeak sortutako olatuak izaten dira, itsasaldiek ibaian gora sortutako uhinak ere badira, baita errekan behera doan urari galga ematen dioten harriek jasotzen dituzten olatu estatikoak ere. Guztiak dira gizakiaren esku hartzerik gabeak, ingurune natural batean sortzen diren fenomenoak. Gizakiak laku eta igerilekuetan eraikitako olatu artifizialak ere badaude eta olatuen kalitatea gero eta hobea da, gainera. Olatuen kalitatea, ordea, oso erlatiboa da, surflari bakoitzaren maila eta gustuen arabera olatu motak ere modu batekoak edo bestekoak izango baitira, eta honi zera gehitu behar zaio, nahi izanda ere, surflari batek bilatzen duen olatu perfektua nahi bezalako baldintzetan (giro goxoa, ur beroa, naturan...) sortzea oso zaila da. Laku batean edo itsas badia lasai batean olatuak sor daitezke, alegia naturan kalitate oneko olatuak sor daitezke. Egun badira adibideak munduko hainbat lekutan, baina ez da batere erraza; izan ere, lehen uhina sortzeko indar handiko bulkada egingo duen makina bat behar da eta horrek puntako teknologia eskatzen du, eta bigarrenik, uhin horrek altuera har dezan gutxieneko ibilbide bat egin beharko du, eta horretarako eremu aski zabal bat behar da. Puntako teknologiari esker metro bateko altuera duten olatu “perfektuak” sortzeko gai diren enpresak badira egun, baina olatu bat sortzeko martxan jarri behar den makineriak suposatzen duen gastua oso handia da eta zenbateraino ote den jasangarria ere inork argitu nahi ez duen afera da; beraz, ez da edonoren esku dagoen zerbait. Dudarik gabe, itsasoak eskain ditzakeen olatuen parekorik ez dago, baina olatu gutxi eskaintzen dituen itsasoa duten lekuetan, hotz handia egiten duen lekuetan edo itsasorik ez duten lekuetan, bestelako olatu motekin konformatu behar du lekuko surflariak, edo bestela, irudimena erabilita ordezko olatu bat eraiki daiteke. Horixe bera egin dute Suediako hiru lagunek. Errekan behera jausten den uharka indartsuaz baliatuz olatu estatiko bat sortzeko modu erraz bat asmatu dute. Lehorrean, patinetean ibiltzeko olatu forma duen zurezko malda batekin olatu bat irudika daitekeen modu berean, malda horrek errekan olatu bat sor dezakeela erakutsi dute. Olatuak sortzeko oso era erraza asmatu dute eta edonork egiteko modukoa, gainera. Olaturik gabeko herrialdeak Europan bat baino gehiago dira itsasorik ez duten herrialdeak edo itsasoa izan arren olatu oso gutxi izaten dituzten herrialdeak. Hala ere, eta bitxia badirudi ere, surf egiteko baldintza onak ez dituzten Europako iparraldeko herrialde askotan surfak dezenteko indarra du. Austria, Txekiar Errepublika, Hungaria, Kosovo, Liechtenstein, Mazedonia, Luxenburgo, Serbia, Eslovakia eta Suitza dira itsasorik ez duten kontinente zaharreko estatuak, baina horietako batzuetan surf egiten da, ibaietan edo lakuetan bada ere, eta surf federazioak, elkarteak eta herrialdea ordezkatzen duten selekzioak aurki daitezke kasu batzuetan. Esate baterako, Suitza, Austria, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Eslovakia ISA (International Surfing Asociation) erakunde olinpiarrak biltzen dituen herrialdeen artean daude. Guztira, 98 herrialde dira egun ISA erakundean dauden munduko herrialdeak, eta, beraz, zerrenda horretan dauden herrialdeetako selekzioek olinpiar jokoetan parte har dezakete noizbait surfa Olinpiar Jokoetan txertatzen bada. Suediaren kasuan badaukate itsasoa, baina ez da itsaso zabala eta, beraz, ez da ia olaturik izaten. Hala ere, inguru hartan surfak badu nolabaiteko presentzia. Adibide moduan, Itsaso Baltikoa inguratzen duten herrialde guztiak ISAn daudela aipa daiteke: Danimarka, Suedia, Finlandia, Errusia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia eta Alemania. Zure olatu propioa Olatuak sortzeko sistema erraz bat asmatu dute, hortaz, Suediako hiru lagunek. Ez dauka misterio handirik. Skate parkeetan ohikoak diren arrapalak oinarri hartuta, autoan garraia daitekeen malda bat eraiki behar da, eta horren ostean erreka batean arrapala hondoratzeko leku bat hautatu. Gainontzekoak errekako urak egingo ditu. Arrapalak kontra egiten dio errekan datorren urari eta talka horren ondorioz etengabe jasotzen den olatu estatiko bat sortzen da. Harriek antzeko efektua egiten dute erreka batzuetan eta ondorioz sortzen diren zenbait olatu mundu osoan ezagunak dira, Munich zeharkatzen duen Eisbach ibaian altxatzen den Eisbachwelle olatu famatua kasu. Harri baten ordez olatu formako arrapala bat jartzeak olatuaren forma gardenagoa izatea ahalbidetzen du. Horrela, malda handiagoko edo txikiagoko olatua sor dezakegu erabiltzen dugun arrapalaren arabera. Daniel eta David Risberg anaiak, beren lagun Alexekin elkartu dira beren asmakizunak balio ote duen probatzeko. Suedia iparraldean dagoen Umea ibaira joan dira eta han sakonera gutxiko eremu bat topatu dute arrapala egoki hondoratu eta haren gainean sortzen den olatuan surfean aritzeko. Danielek horrela esplikatzen du beren asmakizunaren funtsa: «Zera pentsatu genuen, hondo laua duen errekaren eremu honetan, hain azkar datorren urari galga egingo liokeen skate-arrapala bat kokatu genezakeela. Sokekin lotuta atxiki genezake arrapala eta amaitzean alde bateko soka askatzea nahikoa da arrapala lehorrera ateratzeko». Arrapala eraikitzeko orduan forma bakarrik ez, neurriak ere kontuan hartu behar izan zituzten; izan ere, Danielek zioen moduan, «nire Volvo autoaren gainaldean eraman ahal izateko moduko arrapala izan behar zuen». Horrela azaltzen zituen Danielek lehen saioaren emaitzak: «Lehen saioa etsigarria izan zen, zeren arrapala errekaren erdialdean jarri genuen eta olatua ez zen behar bezala jasotzen, baina sokatik albo batera tira eta arrapala errekaren ertzean jarri genuenean, ur masa biltzen hasi zen eta orduan olatua jaso zen. Sekulako poza sentitu genuen, ez baikinen ziur funtzionatuko ote zuen». Behin olatua eginda, taula batekin haren gainean aritzea baino ez zen falta. Horretarako lema oso txikiak dituen taula bat erabili zuten, hondoaren kontra talka egitea ekiditearren, eta oso ondo funtzionatu zuen, bikain labaintzen zen. Aurrera begira olatuari forma biribilagoa emateko asmoa dute hiru suediarrek eta horretarako arrapala maldatsuagoa egin beharko dute. «Hurrengo urratsa olatua indartzea izango da; arrapala zabalagoa egingo dugu eta ertz batean jasoagoa egongo da. Horrela olatuak alde horretan forma biribilagoa izango du eta tuboa sortuko da». Baliabide handirik gabe baina irudimen handiarekin, olatuak sor daitezkeela erakutsi dute hiru lagun suediar hauek. Gainera arrapala bat egiteko behar den materiala ez da oso garestia eta eskuratzen erraza da. Beraz, gogo apur bat izanez gero, aurrerantzean zure olatu propioa eraiki dezakezu. OLATUAK NONAHI Laku handietan olatuak sor daitezke, itsasaldiek ibaian gora sortutako uhinak ere badira, baita errekan behera doan urari galga ematen dioten harriek jasotzen dituzten olatuak ere. OLATUAREN FORMA Harri baten ordez olatu formako arrapala bat jartzeak olatuaren forma gardenagoa izatea ahalbidetzen du. Olatuaren forma arrapalaren maldaren araberakoa izango da. SAIATU ETA LORTU «Arrapala errekaren ertzean jarri genuenean, ur masa biltzen hasi zen eta orduan olatua jaso zen. Sekulako poza sentitu genuen, ez baikinen ziur funtzionatuko ote zuen».