2016 OTS. 28 Harri-jasotzea Inaxio Perurenak 305 kiloko harria berdindu du Leitzarrak ez zuen hutsik egin, eta aurreneko ahaleginean lortu zuen bere helburua. Jon LEUNDA Inaxio Perurenak bere marka pertsonala ondu zuen atzo Leitzan, 305 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdinduz. Honela, harri handienen marketan, Inaxiok bi besterik ez ditu bere aurretik. Saralegik dauka markarik handiena, eta bigarren dago Iñaki, Inaxioren aita. 300ekoa jaso zuenetik hutsak izan dira bere ahaleginak. Hurrengo saioa 303koarekin egin zuen, hiru aldiz saiatu zen harri hori bizkarrean berdintzen, baina ezin izan zuen lortu. Azkenekoa egin zuenean, harri harekin ez zela berriro plazara joango esan zuen, eta atzo 305ekoarekin joan zen. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, Leitzako pilotalekuko harmailak erabat bete baitziren. Baziren zalantzak zaleen artean, 303koa jaso ez zuenez, orain 305ekoa jasotzea batzuek zailtzat jotzen zutela-eta, baina oraingoan bai, helburua lortu zuen leitzarrak. Entrenamendu bikainak eginda zegoela esan zuen aurretik, baina plazako urduritasunek atzokoan ere kinka larrian jarri zuten Inaxio. Epaileak txistua jo bezain azkar ekin zion lanari. Gerrira ongi ekarri zuen, eta buelta ere ongi eman zion, baina gero izan zituen lanak. Lehen kolpea eman eta balantza egin zuen, hala ere harriari eutsi egin zion, bigarren eta hirugarren kolpearekin ere ez zuen lortu sorbaldara eramatea, baina bai laugarrengoarekin, harekin berdindu baitzuen. Jasoaldia balekoa zen, eta marka pertsonala ere egina zegoen, beraz. Bera, ordea, ez zen gustura geratu, eta beste bat egiten ere saiatu zen, baina bigarrengoa ez zuen lortu. Ordurako, ordea, helburua beteta zegoen, eta orain harriari pisua erantsi eta aurrera egingo du. Gorputzak irauten dion arte jarraituko zuela ohartarazi zuen leitzarrak. Jendeak ere eskertu zion ahalegina, txalo handien artean agurtu baitzuten. Leitzarrek ez zuten hutsik egin, haiek ere harmailak bete egin zituzten, eta Inaxio oso eskertuta agertu zen. Desafioa Desafio mistoa bota diote Kañamares III.ak eta Jauregik, Arria V.ari. Haiek prest daude 20 kana-erdiko ebaki eta ondoren 20 kilometro korrika egiteko. Honetaz guztiaz hitz egiteko, datorren ostiralean Tolosako Kantabrikon egongo omen dira 20.00etatik aurrera. JENDETZAJendetza handia batu zen atzo Leitzako Amazabal pilotalekuan Inaxio Perurena animatzera. Eguna, ordua, eta eguraldia ez ziren onenak, baina denek nahi izan zioten bultzada eman Perurena gazteari.