2016 OTS. 29 Eskuinak eta ugazabek amestutako lan araudia proposatu du PSk Lanaldiaren antolaketan ugazabei ahalmen gehiago ematea, kaleratzeak merkatzea, enpresen hedapenaren aitzakian soldatak jaistea eta akordioak delegatuen %30en oniritziarekin, langile erreferenduma tarteko, onartzea dakarren lan erreforma proposatu du Myriam El Khomri Lan ministroak. Azken eguneraketa: 2016 OTS. 29 - 06:26h G. M. ZUBIARRAIN BAIONA Myriam El Khomri Lan ministro frantsesak Medef patronalaren eta Nicolas Sarkozyren Republicains alderdi eskuindarraren aspaldiko eskaerak aintzat hartzen dituen legedia indarrean jartzeko asmoa du. Hala jasotzen du PSko zuzendaritzari Lan Ministeriotik pasatu dioten aurreproiektu zirriborroak. Egitasmo horren arabera, lan egutegia zehaztean, enpresa mailako akordioek azken hitza izango dute, eta ez, egun bezala, arlokako hitzarmen kolektiboek. Lan-aste ofizialak 35 ordukoa izaten segituko badu ere, lanaldia nabarmen malgutzen duten klausulak ageri dira 52 artikulu eta 100 orrialde pasatxo dituen zirriborroan. Horrela, hiru urteko epean batez beste 35 ordu lan egitea nahikoa izango da lan jarduna errespetatutzat emateko eta aparteko ordurik sartu ez dela kontsideratzeko; egun urtebetekoa da epe hori. Aparteko ordu horien ordainketan, gainsaria itun kolektiboetan zehaztutakoa baino %10 merkeago ordaintzeko aukera irekitzen zaie enpresei, betiere langileekin akordioa sinatzen badute. Kaleratzeengatik, 15 lansari Lanaldiaren malgutze hori nabarmen ageri da, baita ere, hiru neurriotan: akordio bidez, 16 asteko epean 46 orduko lan-asteak izatea legezko izango da (egun baino bi ordu gehiago); egoera berezietan, Administrazioak onetsita, 60 orduko lan-asteak izango dira; eta 18 urtez azpikoek astean 40 ordu arte lan egiteko beharra izan dezakete. Langile ordezkaririk gabeko enpresa txikietan, gainera, «hitzarmen indibidualak» sinatzeari bide ematen zaio. Horiekin, arau batzuk betez betiere, urtean 235 eguneko jarduna burutu liteke, eguneko edo asteko iraupen mugak errespetatu gabe. Bigarren aldaketa esanguratsua kaleratzeen ordainetan egin nahi du Gobernuak. Orain arte, kaleratze bidegabeetan kalte-ordaina Prud’homme delakoek, hau da, lan gatazketarako epaitegiek, zehazten zuten; ez zuten mugarik. Aurrerantzean, gehienezko kalte-ordaina zehazturik geratuko da: egungo soldata halako hamabost. Patronalaren aspaldiko eskaera da hori, kaleratzeen ondorenetan «ziurtasuna» izatea alegia. Akordio arau berriak Bestetik, zailtasun ekonomikoengatik gauzatutako kaleratzeetan, jurisprudentziak ezarria zuen «lehiakortasuna bermatzeak» ez duela kaleratze horientzat argudio izaterik. Lege-zirriborroak printzipio hori hankaz gora jarri eta «eskaeretan edo negozio bolumenean hiruhileko batzuez jarraian gainbeherak izatea» nahikotzat ditu kaleratzeak arrazoi ekonomikoengatik egindakotzat jotzeko. Ildo berean, «bost urtetan soldatak jaisteko eta lanorduak murrizteko edo gehitzeko akordio bereziak» sinatzeko aukera izango dute enpresek, ez soilik, gaur egun bezala, «zailtasun ekonomikoak» dituztenean, baizik eta «merkatu berriak eskuratu eta zabalkunde planak abian jarri» nahi dituztenean ere bai. Aldaketa esanguratsuetan azkena, ez haatik hutsalena, enpresa mailako akordio horiek guztiak erdiesteko arautegian dago. Delegatuen erdiak enpresaren nahia ukatzea nahikoa da egun ugazaben proiektua ezerezean geratzeko. Horri amaiera eman nahi dio Gobernuak. Aurrerantzean, nahikoa izango da langile ordezkarien %30ek enpresaren planari oniritzia ematea, horrek langileen artean erreferendum lotesle bati bide emateko. Bozketa horretan baietza nagusituz gero, indarrean sartuko da proposamena. Ugazabak pozik Enpresa txiki eta ertainak biltzen dituen CGPME elkarteko buru George Strulluk argi adierazi dio GARAri: «Eskaririk ezean kontratuak eteteko bidea jasotzen badu, Prud'hommetako kalte-ordainak argitzen baditu eta malgutasun gehiago badakar, norabide onean doan erreforma» da Gobernuarena. Lanpostuak sortzeko bidea lan baldintzak kaskartzea ote den itaunduta, beharrezko dakusa: «Langabezia datuak nabarmen hobetu dituzten herrialdeei erreparatuz, neurri horiek hartu dituztela ikusten dugu. Estatu frantsesean lan kontratua galga da kontrataziorako. Okertzea? Bai, batzuek horrela ikusiko dute, baina helburua lanik ez dutenei lana ematea da». Nola kontratatu enpresa arriskuan jarri gabe, horra koska enpresariarentzat. Sindikatuak larriturik Strulluren hitzei jarki zaio Jean-François Mentaberri CGTko kidea: «Gezurra da hori. Norabide berean egin diren aurreko erreformek xede hori zuten eta enplegurik ez da sortu. Azken batean, dena langileari kentzen zaio». Mentaberrik onartu du enpresa batzuek «agian enplegua sortuko dutela, jakinik erraza dela suntsitzea», baina gaurko ogia eta biharko gosea ikusten du hor: «Enplegua sortzeko behar da kontsumoa, eskaria, sustatu, eta nola hori lagundu jendeek sos gutxiago badute? Ezinezkoa da». LAB sindikatuko Jeronimo Prietok «zuhurtziaz» hitz egin nahi izan du, testua bere osotasunean irakurri nahi bailuke iritzi osatuagoa izateko. Halere, argi du «Fillonek hasitako bidean aurrera egiten» duela honek, eta puntu batek du kezkatu oroz gaindi: «Norma juridikoa apurtuko dute; mende bateko jurisprudentzia pikutara doa lege honekin. Maila juridikoan bada ordena bat; oinarria da lan kodea, eta gainerakoek hori hobetzen zuten. Orain alderantzikatu nahi dute: izanen da oinarri bat eta gero hortik behera negoziatzen ahal da enpresetan». Prietok nabarmendu duen bigarren jauzia akordioak erdiesteko arauen aldaketa da, ordezkarien %30en oniritziarekin aurrera egiteko bidea irekitzen duena. «Salbaikeria bat izango da hori, bere horretan atxikitzen badute», aurreratu du. Bat dator horretan ere CGTko Mentaberri. «Erreferenduma antolatuz, presioarekin, ‘nahi baduzue zuen enplegua atxiki bozkatu behar duzue ongi’… eta erdiak baino gehiagok baietz esaten badute…» sindikatuek ezingo dutela ezer egin ohartarazi du. Sindikatuak baztertzeko nahia ikusten du horretan. «Beste opari bat da Medefi eta nagusiei», borobildu du ideia. «Antolatu eta karrikak mugituko ahal ditugu…» jalki zaio. Erantzuna LABek luzatu die jada gainerako sindikatuei Euskal Herri mailan erantzuna prestatzeko bilkura gonbita. Datarik ez da finkatu oraingoz. Estatuan, ostegun honetan, martxoaren 3an, batuko dira berriro sindikatuak lege proiektuari eman beharreko erantzuna adosten ahalegintzeko. Joan den asteartean elkartu ziren lehen aldiz CGTren egoitzan bederatzi sindikatu nagusiak; tartean PSren hurbileko CFDT zegoen. Bilkura amaitzean agiri bateratua zabaldu zuten, Force Ouvriere ez gainerako guztiek izenpetua. Agirian, kaleratzeen kalte-ordain muga bertan behera uzteko eskatu zuten CFDT, CFE-CGC, CGT, FSU, Solidaires-Sud, Unsa, Unef, UNL eta Fidl sindikatuek. Adierazpenak «Lan kontratuak okertzea? Bai, batzuek horrela ikusiko dute, baina helburua lanik ez dutenei lana ematea da» GEORGE STRULLU CGPMEren burua «Norma juridikoa apurtuko dute; mende bateko jurisprudentzia pikutara doa lege honekin» JERONIMO PRIETO LAB «Erreferenduma antolatuz, presioarekin, ‘nahi baduzue enplegua atxiki bozkatu behar duzue ongi’… eta erdiak baino gehiagok baietz esaten badute, sindikatuok ezingo dugu ezer egin» J.F. MENTABERRI CGT «Ongi etorri eskuinera, Myriam El Khomri andrea» Txio horrekintxe egin zion harrera PSren Gobernuaren erreforma asmoari, haren berri izateaz bat, Pierre-Yves Bournazel kontseilariak (Republicains). Pierre Gattaz Medef-ko buruak ere txaloka hartu du Gobernuaren asmoa: «Khomriren lege hori norabide egokian doa»; «ez da, oroz gaindi, lausotu behar». «Lan arloan elektroxok hori eragiteko eta enplegua suspertzeko aukera dakar, ezbairik gabe», izan ziren Gattazen hitzak. Sarkozyrekin Lan ministro izandako Xavier Bertrand-ek (Republicains), Nord-Pas-de-Calais-Picardie eskualdeko presidente denak egun, antzeko harrera egin dio: «Zintzotasunez diot, norabide onean doa», eta erantsi: «testua bere horretan bozkatuko ahal dute, esku sartze, eztabaida eta kalakekin handinahi hori ahuldu gabe». Bitartean, filtrazioaren biharamunean, hiru aldiz galdetu behar izan zioten irrati publikoan François Hollanderi ezkerrekoa ote den. Hirugarrengoan erauzi zioten erantzuna: «Lehen bezain konprometitua nauzu, baina jada ez naiz militante bat».G.M.Z. Martxoaren 9an izango da aurreproiektua Ministro Kontseiluaren mahai gainean Martxoaren 9an eraman nahi du El Khomrik lan araudiaren aurreproiektua Ministro Kontseilura, bertan onar dezaten. Hor argituko da zirriborroa bere horretan geratuko den ala, filtrazioak arretutako urak hein batean baretzeko bederen, puntu batzuetan ñabardurak sartuko dituzten. Ondo bidean, udako etenaren aurretik bozkatuko dute lege egitasmoa Asanblea Nazionalean eta Senatuan. Izapidean gehiengoa erdiestea ez du erraza, ordea; oraingo honetan PSren ezker hegaleko diputatu kritikoen lerroetatik harago zabaldu da ezinegona. Segolene Royal Ekologia ministroak eta Jean-Marc Ayrault Atzerri ministroak elkarrizketa eskatu dute «enpresarekin, eragile sozialekin, baina baita parlamentariekin ere». Benetako astinaldia, ordea, Martin Aubry Lilleko alkate eta alderdiaren bizkarrezurraren buruak eragin du. Asteazkenean zutabea argitaratu zuen “Le Monde”-n. «Aski da» esan du Aubryk eta «atzerapausoetan azkena», lan erreforma, salatu. Hamazazpi izen entzutetsuren sinadurak zituen ondoan, tartean Daniel Cohn-Bendit eurodiputatu ohia, alderdiko hainbat diputatu –Yann Galut, Chaynesse Khirouni, Christian Paul– eta ekonomialari nahiz pentsalariak –Michel Vieworka, Daniel Cohen–. Aurkakotasun horren aitzinean, «49.3 bidezidorra» dauka Gobernuak, Parlamentuan legea bozkatu beharra saihesteko. Liberalizaziorako «Macron lege» polemikoa hala onartu zuten iaz. Berdin egingo dutelako hotsa dabil.G.M.Z.