2016 MAR. 07 Eskalada Marbore Dorreko ipar paretakbadu bere «Harri dantza» Unai Mendiak eta Iker Madozek 360 metro luze den eta gehienez ere 7a+ zailtasuna duen bide berria behetik zabaldu dute Pirinioetako hormatzar enblematikoan. Hiru eguneko jarduna behar izan dute kutsu alpinoa duen marra nahiko zorrotza sortzeko. Azken eguneraketa: 2016 MAR. 07 - 10:25h Andoni ARABAOLAZA Unai Mendia eta Iker Madozek Marbore Dorreko ipar horman zabaldutako bide berria, “Harri dantza” (7a+, 360m ), pasa den abuztuaren amaieran bukatu zuten. Agian, irakurleren batek esango digu albistea nahiko berandu argitaratu dugula, baina bere azalpena du. Sokada nafarrak marraren krokisa egiteko eskatu zion Eli Azurmendi irudigileari, eta emaitza orain dela gutxi iritsi da. “Harri dantza” bideari dagokionez, aurreratu behar dugu hiru egunean ireki zutela: 2014eko irailaren 6an eta iazko abuztuaren 29an eta 30ean. Madozek adierazi digu bere kidearen xedea izan zela: «Unaik bazeraman denbora dezente balizko marra baten atzetik. Lehen saioan erlaitzetik bost metrora geratu ginen. Ekaitz batek bete-betean harrapatu gintuen, baina, hala ere, bost luze eta erdi zabaltzeko aukera izan genuen. Zozketa egin eta gero, luzeak txandakatu genituen. Bosgarrena niri egokitu zitzaidan, baina ez nuen argi ikusi. Unai sokaren buru jarri zen, eta amaitu zuen. Iazko abuztuan, berriz, Unai seigarren luzean murgildu zen, eta Albert Salvado eta biok (bien artean, alegia) bidea amaitzeko geratzen ziren beste hiru luzeak egin genituen». Sormen lana aurrera ateratzeko, sokada honek, ohi den bezala, behetik zabaldu eta ahalik eta parabolt gutxien erabili zituen. Beraz, kutsu alpinoko proposamen berri baten aurrean gaude. Hala ere, Madozek argitu digu Marbore Dorreko horma horretan zabaldutako bideak bere istorioa duela: «Nahiz eta etikoki garbiena ez izan, lehen egunean zulagailua bizkar-zakuan sartu genuen. Bidea zabaltzen ari ginela, lehenengo lau bileretan espit batzuk aurkitu genituen. Horrek harritu egin gintuen, baina eskalatzen jarraitu genuen, besteak beste, marra ez ginelako aldatzen ari. Azkenean, erraza ez zen zeharbide batean euria azaldu zen, eta, hortik gora ezin genuenez pasa, bi parabolt sartu genituen. Jada etxean ginela, argitu ziguten amaitu gabe zegoen artifizialeko bide bat zela. Eta esan ziguten nahi genuena egin genezakeela. Iazko abuztuan, berriz, indartsu aurkitzen ginenez, zulagailua etxean utzi genuen. Era berean, parabolt horiek eta espitak kentzeko asmoa genuen, baina horrek urduri jarri gintuen; izan ere, esfortzu handia eskatzen zuen. Azkenean, zoritxarrez, zegoen bezala utzi genuen. Hori bai, espitak eta bi paraboltak han utzi baditugu ere, uste dugu estilo nahiko garbia erabili genuela». Bederatzi luze Eskalatzaile nafarrek (Salvado katalanaren laguntzarekin), guztira bederatzi luzeko marra berria sortu zuten. “Harri dantza” bideak gehienez 7a+ zailtasuna du: «Bide dibertigarria da, eta leku eder batean kokatuta dago. Uste dut asko eskatzen duen bidea dela, ondo eskalatu behar dena. Bidearen ezaugarriei dagokienez, esan behar dut lehen bi luzeek diedro eta artesiak dituztela. Ondoren, plaka bat eskalatu behar da, eta laugarren luzeak diagonalean ezkerrera doan diedro-sabai moduko bat du. Bosgarren eta seigarren luzeak plakeroak dira. Eta azken hirurek diedro eta artesi ikusgarriek jarraitzen dituzte». Irakurleak ziur aski jakingo duenez, hirukote horretatik Madoz gazteena da; beste biak, berriz, eskarmentu handiko beteranoak. Gazteenak esan digu bere sokakideekin Marbore Dorrean oso gustura jardun zuela: «Esperientzia polita izan zen, eta oso ondo pasa genuen. Unai eta Salvado oso jatorrak dira, eta haiengandik gauza berriak ikasi ditut. Bestalde, ‘Harri dantza’ sortu dugun pareta hori aparta da. Bai hormarengatik bai kokatuta dagoen inguruagatik ikaragarri polita da. Horrelako bide bat hormatzar horretan zabaltzeak ilusio handia egin dit. Gainera, dena era askean eta zailtasun gogorrik gabe. Aitor dezaket Pirinioetako horma onenetako batean ageriko bide bat zabaldu dugula».