2016 MAR. 08 GUTUNAK Neureak ala zeureak? JOSE MARI SARASKETA MITXELENA Amnesty International, Donostiako taldea Urte asko lanik gabe daramatzaten pertsonentzat, lana lortzeko aukeren promesak oso itxaropentsuak dira; hain itxaropentsuak, ezen badirudien berdin dela promesa horiek ahalezko eskubide urraketetan oinarrituta egotea, beste batzuen eskubideen urraketez ari bagara behintzat. Navantia enpresa Saudi Arabiarekin akordio bat ixtekotan da, hainbat korbeta saltzeko. Amnesty International eta antzeko beste erakunde batzuek euren kezka adierazi dute, uste baitute arrisku garbia dagoela korbeta horiek honako hauetarako erabiltzeko: populazio zibilaren aurkako eraso militar zuzenak gauzatzeko; Yemengo zibilen aurka bereizkuntzarik gabeko erasoak egiteko, eta Saudi Arabiak 2015eko martxoaz geroztik herrialde horri ezarrita dion itsas blokeoari eus teko. Ez dugu ahaztu behar gatazka horretan 6.000 pertsona hil direla eta 10 yemendarretik zortzi laguntza humanitarioaren mende bizi direla blokeo horren ondorioz. Praktika horiek guztiek larriki urratzen dute nazioarteko zuzenbide humanitarioa. Hala ere, ustez erabat antagonikoak diren espainiar alderdietako politikariek (PP, PSOE, Podemos) aldeko iritzia adierazi dute, akordio horren ondorio arras larriak kontuan hartu gabe. Nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetua beste edozein alderdiren gainetik dago, baita alderdi ekonomikoen gainetik ere. Oso erraz ahazten dute hori, zoritxarrez. Etsi-etsian lan bat aurkitu nahi duten familien egoera oso gogorra da, noski, baina ordezkari politikoek ez lukete egoera hori beste pertsona batzuen eskubideen urraketan oinarritutako lan-eskaintzak eginez arindu behar; aitzitik, gogor lan egin behar lukete Cadizen edo Ferrolen lan-eskubidea egia bilakatzeko inoren heriotza eragin gabe.