2016 MAR. 13 Berezkoak Biellek eta Ducassouk ederki jakin dute Gixanduten urduritasuna baliatzen J.L. Biellek eta Ducassouk 40 eta 14 hartu zituzten mendean Larralde eta Gixandut, 45 minutu iraun zuen norgehiagokan. Ikusmin handia piztu zuen partidak, Buruz Buruko bi finalistek elkarren aurka jokatzen zutelako, baina ikusteko gauza gutxi izan zuen. Gaztetasunak asko ematen du, baina arriskuak ere horrela izaten ditu, eta atzo horixe gertatu zen Gixandutekin, huts asko egin baitzituen. Markagailua oso azkar jarri zen 7-0koan, eta gero dena alde izan zuten Biellek eta Ducassouk. Ikusi zuten, gainera, zuloa non zegoen, eta erasora jo zuten, Larralderi jokoan sartzen utzi gabe. Buruz Buruko txapeldunak ere oso aukera gutxi izan zituen, ia behin ere ez baitzuen jokoan sartzeko paradarik ukan, eta amaieran inork uste ez zuen emaitzarekin amaitu zen. Orain sailkapeneko lehen postuan Waltari eta Bilbao geratzen dira, hiru jokatu eta hirurak irabazita. Ondoren, Larralde eta Gixandut, jokatutako hiru partida irabazi eta bat galduta. Hauek amaitu dute lehen fasea. Bielle eta Ducassou, berriz, bi partida irabazi eta bat galduta daude. Aurretik Bigarren Mailako partida jokatu zuten, eta bertan Elgartek eta Benessek 40 eta 30 hartu zituzten mendean Goikoetxea eta Lamour.