2016 MAR. 21 ZIRIKAZAN Misoginoak Josebe EGIA Aspaldi ez nekarren hona nire jomuga gustukoenetako bat: Berlusconi jauna. Matxismoa, handinahikeria, harrokeria eta, oro har, herritarrekiko begirune eza jardunbide dituen politikari italiar hori, behar bezalako ordezkari publikoak izan behar ez duen guztiaren eredu nabarmenena. Tarteka komeni delako gogoratzea halakoek gure artean jarraitzen dutela, agintari ditugula, misogino halakoak. Ahoa ireki bezain laster, Berlusconik hautsak harrotu ditu Italian, emakumeoi dagokigunez behin eta berriz egin ohi duen lez: «Ama batek ezin du bete egunean 14 ordu eskatzen dizkion lanbidea, desastre hutsa litzateke hiriarentzat». Italiako hiribururako emakumezko alkategai Giorgia Meloniz esan du, haurdun dagoelako, haurdunak gauzak fundamentuz egiteko gaitasuna galduko balu bezala. Benetan, andrazko politikari-kideez halakoak botatzen dituztenek (haien itxurari edo egoera fisiologikoari helduta, bereziki) esan nahi lukete Res publica, goi-maila, gizonen kontua dela. Esan nahi lukete, Berlusconik eta beraren moduko beste askok eta askok, Italian zein mundu zabalean, onar daitekeela emakumeok nolabait parte hartzea herrialde baten gobernantzan: behe-karguetan, erantzukizun eta erabaki garrantzitsuenetatik urrun, lan-karga eta estres-egoera handirik gabe eta egunero etxera garaiz iristeko moduan. Izan ere, esan nahi lukete emakumeon egitekorik inportanteena, berebizikoena, gure bizitzaren funtsa, la mamma izatea dela; eta misio hori, eurek ulertzen duten bezala, eragotziko duen oro onartezina dela, eta lotsagabekeria hutsa emakumeok besterik nahi izatea, horren alde borrokatzen jardutea. Esan nahi lukete, baina ez dute egiten, politikari zuriok. Ergel-ergelak ere ez dira-eta, jakin badakitelako egun dagoeneko badaudela zenbait marra gorri emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren diskurtsoari dagokionez. Jakin badakitelako jendartearen zati handi bat gainera botako zaiela, eta botoak erruz gal litzaketela han-hemenka. Politikan, oraindik, halako gizonezko asko dabil hor zehar erdi kamuflatuta, ahaleginean euren misoginia barrenekoa ez dakien gehiegi suma, aurrean aurkari politiko femeninoak dituztenean argudioka eta ika-mika. Argudiook bost, eurek gaizki daramatena da ez aritzea batailan beraien «mailako» gerlariarekin, parean donna bat besterik ez izatea. Hau da: emakumea, neskamea, urdanga. Misoginoak, politikan, erauzi beharreko minbizia.