2016 MAR. 22 Harri-jasotzea Etxeberriak hiru aldiz jaso du 100ekoa esku batekin Hiru minutuko txanda izan zuen oriotarrak, eta emakumezkoetan inoiz egindako markarik onena egin zuen. Jon LEUNDA Idoia Etxeberriak marka berriak ezarriz jarraitzen du, eta azkenekoa herenegun arratsaldean lortu zuen. 100 kiloko harri errektangularra hiru aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean esku bakar batekin, hiru minutuko txanda batean. Orain arte emakume batek plazan ofizialki ez zeukan horrelakorik eginda, eta oriotarrak lortu du. Hiru jasoaldi argi eta dotore eman zizkion Etxeberriak esku batekin 100 kilokoari, baina han izan zen jendearen ustez, kilo gehiago izan bazituen ere berdinduko omen zituen. Erraztasun handiarekin egin zituen jasoaldiak, alboan Ostolatza eta bere anaia zituela. Harria gerrira ekarri, han buelta eman, eta bi kolperekin berdindu zituen hiru jasoaldiak. Marka oso ona egin zuen, eta pentsatzekoa zen bezala, behin bat jasota, garbi zegoen gehiago ere ahaleginduko zela, eta beste bi ere eman zizkion, baina kilo gehiago ere segur aski jasoko zituen. Harria dotore jasotzen du, maisuki, eta indarra soberan dauka. Esku batekin harria bizkarrera jaso, eta behin berdindu eta han eusten zion bitartean, beste eskuarekin pozaren keinuak egiten zituen, eta horrek erakusten du, erraz aritu zela. Ez du marka makala egin, baina berak hobetuko du herenegun egindakoa, maila soberan baitauka horretarako. Beste biak Aizarnazabalen, ordea, marken eguna izan zen herenegun arratsaldekoa, eta beste bi harri-jasotzailek ere lortu zituzten marka pertsonalak. Alde batetik, Jokin Eizmendi zarauztarrak “Xiete” harri berezia jaso zuen bost minutuko txanda batean. 190 kilo pisatzen ditu, eta kubikoaren itxura badu ere, normala baino zailagoa da harri hau, eta ez dira harri-jasotzaile asko jasota dutenak. Beste jasoaldiren bat ere emango ziola zirudien, baina azkenean batekin konformatu zen. Imanol Illarramendik ere marka pertsonala lortu zuen, hiru minutuko txanda batean, 200 kiloko harri errektangularra hiru aldiz jaso zuen. Arratsalde polita izan zen. Garrantzizko ekitaldien igandea izan zen herenegungoa, baina Aizarnazabalera ere jende ugari batu zen marka hauek ikustera eta ez ziren damutuko.