GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Oreka arriskutsua


Amodiozko kontakizuna dago “Tropezista” liburuan, zirku-mundutik datorren bikote baten harremana eta elkarri ulertzeko modua. Etengabean estropezu egiten duen emakumearena, eta beti ondoan, jasotzeko prest, dagoen gizonarena. Euren artekoa, lotura traketsa batzuetan, baina zoriontsua.

«Halako batean, neska malabarista polit bat ezagutu nuen kalean (…) behin estropezu egin zuen, eta nik besoetan hartu nuen; nik ere estropezu egin nuen eta bazterreko putzu batera erori ginen biok. Elkarri begira geratu ginen, harrituta, berebiziko txilinbuelta egin bagenu bezala».

Liburu honekin Elena Odriozolak Ilustrazioaren Euskadi Saria eskuratu zuen 2013an. Indar narratibo handia duten irudiak dira, zeintzuek, esango nuke, testuak dioena gezurtatzen duten, ez baita gauza bera irakurri eta ikusten duguna. Kontakizunaren mezua baikorra da: bestea onartu beharra dago zoriontsua izateko. Irudietan, berriz, gizona aldendu egiten da, azken orrian joaten ikusten dugu; alboan, zintzilikatuta emakumea begira dago. Amodiozko harremanetan ez da erraza originaltasuna denboran mantentzea. Horrela ulertu du Odriozola ilustratzaile sotil bezain zorrotzak, begirada aktiboa proposatuz. Bikotearen harreman ditxosoan, irudiek orri osoa hartzen dute, Pariseko leiho handiak eta euren joko amodiotsuak ikusten ditugu; horrelakoetan testurik ez dago. Protagonisten loturak ahultzen doazen neurrian irudien tamaina txikiago agertzen zaigu.

«Eta azkenean, hara: ez erortzen hasi da,

ez erortzen ikasi du.

Orain, lasaiegi bizi gara.

Pixka bat aspertuta gaudenean, estropezu txiki bat egiteko eskatzen diot,

eta hala egiten du.

Eta barrez lehertzen gara».

Jorge Gonzalvo-ren (Zaragoza, 1972) hitzei eta ideiari beste norabide bat eman dio Odriozola ilustratzaileak, amaieran pertsonaiak ez daude barrezka, gizona badoa. Neskak oreka lortu duenean, estropezuak bentzutu dituenean, bikotearen harremanak misterioa galdu du; maitasuna bizitzaren prozesu errepikarian erortzen da. Testuaren eta ilustrazioen bi kodeak dira liburu honen euskarri komunikatzaileak, biak irudimenaren bultzatzaile. Niretzat, baina, irudiek garrantzi handiagoa hartzen dute, joko interesgarriagoa proposatzen digute. Elkarren antz handia hartzen diet ilustrazio hauei –teknikoki desberdinak izan arren– eta “Aplastamiento de las gotas” albumeko marrazkiei. Haiek ere narratibotasun eta poetika berezkoa zuten, haiek ere Ilustrazioaren Euskadi Saria lortu zuten 2009an. Orduko testua Julio Cortazarrena zen; “Tropezista” kontakizun honetako egileari idazle handi horren eragina antzematen zaio.

Guretzat, irakurle eta liburuen irudigile eder bilatzaile nekaezinontzat, erronka handia da aparteko ilustratzaile honen irudi bakoitza, opari dira Odriozolaren lanak.

Itzultzaileak jatorrizko testua moldatu du, bertsio librean. Oinarrizko zentzua mantenduz, irudi poetikoz betetako hitzak saihestu ditu. Horrela, irakurlearen profila aldatu egin dela esango nuke; orain, testua hobeto ulertzen da: gazteen edo helduen gozamenerako istorioa zena, estilo-ukitua egin ondoren, haurrentzat ere ulergarri bihurtu da.

Argitaletxearen lan eskerga kontuan eduki behar da. Izan ere, dudarik ez dago liburu berezi hau kaleratzea apustu ausarta dela; irudiak ez dira ohikoak eta begitik berehala sartzen zaizkigunak, kolorerik ez dago eta kode grafikoa interpretatzeko esfortzua egin behar da. Euskal edizio-merkatuak horrelako lan arriskutsu eta iradokitzaileak beharrezkoak ditu album ilustratuen panorama normalizatzeko.