GARA Euskal Herriko egunkaria
DRYTOOLING

Lucie Hrozova txekiarrakmuturreko mistoanbeste urrats bat egin du

Espezialista handi honek Coloradoko Vailen «Saphira» bidea kateatu du. M15- gisa aurkeztu du; beraz,txekiarrak emakumezko batek kirol eskalada mistoan egin duen marra gogorrena lortu du.


Drytoolingak bi adar ditu: M eta D graduak edo eskalak. Lehenbizikoan, izotza eta arroka tartekatzen dira; hots, bi elementu horietan eskalatzen da. Bigarrenean, berriz, arroka soilik izaten da bitartekoa. Bada, bi adar horientzat aurtengo negua berezia izan da oso. Batez ere, muturreko zailtasunari dagokionez.

D graduari dagokionez, Tom Ballard orriotan protagonista izan dugu; izan ere, 15 zailtasuneko pare bat proposamen egin du. Baina benetako garapena emakumezkoen jardunetan ikusi dugu. Sarah Hueniken kanadarrak, Angelika Rainer italiarrak eta Marianne van der Steen nederlandarrak goi mailako eskaladak egin dituzte gradua M14+ eta D13- igo ondoren.

Lucie Hrozova txekiarrari buruz ia ez dugu ezer entzun, batez ere kontuan hartzen badugu munduko espezialista zailduena dela. Bai, txekiarra lehen emakumea izan da M14 gradua igotzen. Bada, azken asteotan Coloradon dagoen Vaileko Fang Amphitheatre sektorean beste ekarpen bat sinatu du. Hrozovak “Saphira” bidea kateatu du, M15- gisa aurkeztu duena. Horrela bada, txekiarra kirol eskalada mistoko marra gogorrena igotzen munduko lehen emakumezkoa da.

Berriro protagonista

Aipatu dugun goi mailako jarduera hori baino lehen, Hrozova izotz-eskaladako munduko zirkuitu ofizialean buru-belarri jardun zen. Hura amaituta, txekiarra sona handia duen Ameriketako Estatu Batuetako Ourayko jaialdian izan zen. Eta, gainera, irabazi ere egin zuen. Ondoren, Vail aldera joan eta Standa “Stanley” Vrba kideak ekipatutako xede bati gogor ekin zion.

Sasoi puntua indartzeko, Hrozovak Fang Amphitheatreko sektoreko beste marra gogor batzuk eskalatu zituen. Horietako batek izen oso ezaguna du: “Mustang” (M14). Eta protagonista honi aitortu behar zaio aise egin zuela: «Lehen saioan kateatzea erdietsi nuen. Baina, hori bai, ezin dut esan flash eran eskalatu nuenik; izan ere, aurretik Stanleyren proiektua probatu nuen eta horrek “Mustang” zeharkatzen du. Ez dut esango ezustean harrapatu ninduenik, jakin banekielako oso indartsu nengoela».

Eta, azkenean, hainbat eta hainbat ekinaldi egin eta gero, “Shapira” patrikan sartu zuen: «Mistoko bide hau ikaragarri ona da. “Ironman” (M14+) bezalako marrak baino gogorragoa iruditu zait, eta horregatik M15- gisa proposatu dut».