2016 API. 09 Aizkora Bigarren faserako lau txartel izango dira jokoan Lezaman jokatuko da gaurko saioa, 19.30ean hasita, eta biharkoa, berriz, Basurtun izango da, 12.30ean. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatuko dira gaur eta bihar, eta kasu honetan aizkolari espainiarrek hartuko dute protagonismoa, ugari izango baitira eta denak aurreneko aldiz arituko baitira. Gaur Lezamako pilotalekuan izango da saioa 19.30ean hasita. Zortzi aizkolari lehiatuko dira eta bi txartel izango dira jokoan; multzo bakoitzeko onenek lortuko dute sailkatzea. Beñat Lekue, Aritz Oregi, Aritz Irazabal, Aitor Jauregi eta Eneko Saralegi izango dira Euskal Herriko aizkolariak. Gero, Dani Lopez asturiarra, Emilio Garcia segoviarra eta Manuel Lopez madrildarra ere izango dira. Dani Lopez asturiarra orain dela gutxi jokatu den abiadurako Mundu Txapelketan aritu zen. Manuel Lopez madrildarra, berriz, aurreneko aldiz arituko da Euskal Herrian, bai era ofizialean, behintzat. Madrildarra bezalaxe, Emilio Garcia segoviarra ere aurreneko aldiz arituko da gure artean, eta ikusteko dago euren nolako lana egingo duten. Guztiak ere Euskal Herriko aizkorazaleentzat oso ezezagunak dira, baina laster izango dira ezagunak ere, horrelako lehiaketetara etortzen jarraitzen baldin badute behintzat. Bihar, berriz, Basurtuko Aita Donostia plazan jokatuko da norgehiagoka, 12.30ean hasita. Oraingoan, sei aizkolari lehiatuko dira, eta hemen ere bi txartel egongo dira hurrengo kanporaketarako. Larrea III.a, Etxeberria II.a, Kañamares IV.a, eta Kintana dira Euskal Herriko aizkolariak, eta horiez gain, bi espainiar ere izango dira, Borja Fernandez eta Manuel Fraile arituko baitira horretan. Bi izen horiek ere oso ezezagunak dira Euskal Herriko zaleentzat, aurreneko aldiz arituko baitira Euskal Herrian. Segovian aizkora jokoak indar handia dauka, eta bertako asko izango dira Urrezko Aizkorako lehiaketa honetan. Ikusiko da norbaitek hurrengo faserako txartela lortzen duen. Lana aurreneko astean egin zutena bezalakoa izango da. Bi 60 ontzako erdibitu beharko dituzte lehen fasean. Azkenekoan, berriz, zutikako 45 ontzako bat ebaki beharko dute lehenik; ondoren etzaniko kana-erdikoa eta azkenik, 60 ontzakoa.