2016 API. 18 Harri-jasotzea Etxeberriak 117koa bi aldiz jaso du esku bakar batekin Oriotarra 105ekoarekin joatekoa zen, baina 117koa jaso zuen. Jon LEUNDA Idoia Etxeberriak marka handia egin zuen herenegun gauean Ordiziako pilotalekuan, 117ko harri errektangularra bi aldiz berdindu baitzuen bizkarrean esku bakar batekin, emakume batek inoiz egin ez duena eginda. Oriokoak hasieran 105 kiloko harriarekin joango zela iragarri zuen. Orain dela hilabete 100ekoa jaso zuen, eta oraingoan bost kilo gehiago erantsita joatekoa zen, baina ezustekoa eman zuen plazara 117koa eramanda. Garbi zegoen iragarritakoa baino hamabi kilo gehiagorekin plazaratu baldin bazen, etxean ongi jasotzen zuelako zela, eta plazan ere ez zuen hutsik egin, nahiz eta susto bat ere izan. Aurreneko jasoaldian gauzak ez zitzaizkion ongi atera. Bular aldean uste baino denbora gehiagoan eutsi behar izan zion, eta berdintzerako kolpean harriak atzera ihes egin zion. Azkenean bere laguntzaileek harriari heldu behar izan zioten, eta ondorioz jasoaldi ustela atera zitzaion. Alta, Idoiak indarra sobera dauka eta ez zen kikildu. Bigarren ahaleginean ez zuen hutsik egin, eta ederki jaso zuen harria bizkarrera, baita berdindu ere. Jasoaldi dotore eta argia egin zuen. Horrekin marka egina zeukan, baina ez zen horrekin konformatu. Oraindik bost minutu zituen denbora betetzeko eta beste ahalegin bat egitea erabaki zuen, helburua bete izanak ematen duen konfiantzarekin. Horretan ere ez zuen hutsik egin eta bi jasoaldirekin geratu zen marka, jendearen txalo artean. Astondoa Idoia Etxeberriarena ez zen izan Goierriko Zazpi Orduetan egin zen marka bakarra, Irati Astondoak ere lortu baitzuen berea egitea. Bizkaitarrak sei 45 ontzako enbor ebaki behar zituen, eta oso lan ederra egin zuen. Amaieran bere egitekoak egiteko, 21 minutu, 58 segundo eta 53 ehuneneko behar izan zituen, eta denbora hori hor geratuko da, beste neskaren batek edo agian berak ondu nahi baldin badu ere. Bizkaitarrak itxura ona eman zuen inondik ere, paregabea, eta berak ere txalo asko entzun behar izan zituen. Segan, aizkoran eta trontzan aritzen da, eta Ordizian egindakoak indarra emango dio aurrera egiteko, txapelketen denboraldia hastear baita.