2016 API. 18 KIROL ESKALADA Euskal lehiakideak gero eta sendoago daude Espainiako Eskalada Kopako lehen bi probetan goi mailako emaitzak erdietsi ditu EMFren euskal selekzioak. Andoni ARABAOLAZA Hilaren 2an Fedmek antolatutako Espainiako Eskalada Kopak aurreneko urratsa egin zuen. Erregulartasun zirkuitu honek hiru proba ditu eta dagoeneko bi jokatu dira. Euskal ordezkariei dagokienez, esan behar dugu Euskal Mendizale Federazioaren euskal selekzioak emaitza bikainak baino bikainagoak lortu dituela. Ez, ordea, Nafarroako federazioko lehiakideek. Euskal selekzioari dagokionez, izan diren bi hitzorduetan Josean Mulas hautatzailearen eskalatzaileek domina ugari eskuratzeaz gain, podium asko berenganatu dituzte. Eta, gainera, hori guztia gutxi izango balitz, final ezberdinetan makina bat euskal lehiakide ikusi dugu. Horrela bada, lasai asko esan dezakegu euskal selekzioa gero eta emaitza hobeak erdiesten ari dela eta gero eta sendoago ikusten dugula. Espainiako Eskalada Kopako lehen proba hilaren 2 eta 3an jokatu zen, Murtzian. Ohi den bezala, lehen egunean nagusiak lehiatzen dira. Eta biharamunean, gazteak: 16, 18 eta 20 urtez azpikoak. Lehen lehia txanda nagusiena izan zen. Murtziako probara 12 neska eta 24 mutil aurkeztu ziren. Eta, oro har, aitor dezakegu hitzordu hau nahiko kaskarra izan zela. Bai, Cagigaleko rokodromoaren egiturek ez zuten joko handirik ematen. Egun ohikoak diren bolumenak jartzeko aukerarik ez zuten izan eta helduleku mota ezberdin gutxi zeuden. Horrekin guztiarekin ekipatzaileak bide onak prestatzen saiatu ziren, baina, azkenean, ez zuten maila eman. Oro har, ia proposamen guztiak plakeroak ziren. Finaleko marrak oso errazak izan ziren, eta askok top egin zuten. Beraz, denborak eta sailkapenetan lortutako postuak kontuan hartu ziren. Horretaz guztiaz gain, isolatzeko zein berotzeko guneak oso-oso desegokiak ziren. Hitz batean esanda, izaera horretako lehia ofizial bat izateko Murtziakoa oso eskasa izan zen. Nesken mailan, zortzi finalistetatik lauk bidea kateatu zuten: Zuriñe Arruek, Francis Guillenek, Helena Alemanek eta Andrea Cartasek. Behin betiko garaipena Arruerentzat izan zen. Mutiletan, Ramon Julianek eta Javi Canok finalean top egin zuten, baina Canok denbora hobea egin zuenez, berarentzat izan zen lehen postua. Iñaki Arantzamendi hirugarren postuan sailkatu zen; Espainiako Kopan lortutako lehen podiuma zuen ondarroarrak. Gazteen txanda biharamunean iritsi zen, eta guztira 80 gaztek jardun zuten jo eta su. 16 urtez azpikoetan, mutiletan Andoni Esparta aise gailendu zen; finalerdietako zein finaleko bideak kateatu zituen. Bigarrena Eneko Carretero izan zen. 18 urtez azpikoen mailan, berriz, bai nesketan bai mutiletan euskal garaipenak izan ziren: Muriel Ruiz de Larramendi eta Mikel Linazisororenak. Martin Urrutia bosgarren postuan sailkatu zen. Eta 20 urtez azpikoetan, Bittor Espartak hirugarren postua erdietsi zuen, eta Gorka Ruizek, laugarrena. Bigarrena, hobeto Espainiako Koparen bigarren proba astebetera jokatu zen, Zaragozan. Eta oro har, lehenbizikoarekin alderatuta askoz ere maila hobea eman zuen. Horretaz gain, euskal ordezkariek emaitza bikainagoak sinatu zituzten. Zaragozako lehia horretan 39 nagusik eta 96 gaztek hartu zuten parte. Egiturak onak ziren, eta eguraldiarekin zortea izan zuten; izan ere, egitura horiek, leku itxi batean egon ordez, parke batean daude. Hamaika neska lehiatu ziren nagusien mailan. Ekipatutako bidean, gehienak erresistentziakoak, ez ziren batere erosoak; hots, asko pentsatu behar zen. Helena Alemanek irabazi zuen, eta bigarren postuan Arrue sailkatu zen. Azpimarratzeko modukoa da Ruiz de Larramendik eginiko lana. Gaztea da, baina nagusiekin lehiatzeko aukera izan zuen. Sailkapenetan, Arruerekin batera, onena izan zen, eta sailkapen orokorrean laugarrena izan zen. Miriam Mulas ere finalean sartu zen, eta zazpigarren postua sinatu zuen. Mutiletan, bestalde, 28 eskalatzailek ondo baino hobeto estutu zuten. Oraingoan Julian katalanak ez zion ezustekoari lekurik utzi eta bera gailendu zen. Arantzamendi berriro bikain lehiatu zen eta bigarren postua eraman zuen. Bittor Espartak (hau ere gaztea) meritu handiko laugarren postua lortu zuen, eta Ibai Isusik, bosgarrena. Bai nesketan bai mutiletan bi podium eta sei euskal ordezkari finalean egon ziren. Harrigarria eta bide batez txalotzeko modukoa da gazteen parte-hartzea. 16, 18 eta 20 urtez azpikoen mailetan 96 gazte lehiatu ziren! 16 urtez azpikoetan, finalean, ez zen top bat bera izan. Nesketan, Aitziber Urrutiak laugarren postua eskuratu zuen. Mutiletan, Andoni Esparta izan zen indartsuena eta berriro urrea lortu zuen. 18 urtez azpikoen mailan, berriz, lehen hitzorduan bezala, garaipenak euskal ordezkarientzat izan ziren: Ruiz de Larramendirentzat eta Linazisororentzat. Finalean beste honako euskal ordezkariak izan ziren: Martin Urrutiak laugarren postua erdietsi zuen, Aitor Cilvetik zazpigarrena eta Maialen Lezeagak (nafar federazioa) bederatzigarrena. Eta 20 urtez azpikoetan, aipatzeko modukoa da mutilen artean izan zen lehia. Aipatu dugu bezperan Bittor Esparta nagusiekin lehiatu zela eta laugarren bukatu zuela. Baina bere mailan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Garaipenak, berriz, euskal kutsua izan zuen. Bai, Espartaren kide Gorka Ruizek, lehia bikain bat egin eta gero, urrea irabazi zuen. Kostata lortu du bilbotarrak hor aurrean egotea, baina, azkenean, sartu du muturra. Beraz, lehen hiru postuetan bi euskal ordezkari sailkatu ziren. Eta, nesketan nafar federazioko ordezkari Iraitz Murugarren finalean sartu eta laugarren postua erdietsi zuen. Hirugarren eta azken hitzordua maiatzaren 14an eta 15ean izango da, Bartzelonan, hain zuzen ere. Euskal ordezkariak maila ematen ari dira, eta batzuek zirkuitu hau oso bideratua dute. BIKAIN Fedmek antolatutako Espainiako Eskalada Kopako bi proba jokatu dira dagoeneko. Euskal selekzioa emaitza bikainak lortzen ari da. NAGUSIAK Behin-behineko sailkapenean Zuriñe Arrue dago buru, garaipen bat eta bigarren postu bat lortu ondoren. Iñaki Arantzamendi lehen aldiz podiumean sartu da. 18 URTEZ AZPIKOAK Maila horri dagokionez, lasai asko esan daiteke zirkuituko protagonista nagusiak Muriel Ruiz de Larramendi eta Mikel Linazisoro direla. Bi probak irabazi dituzte. BESTEAK Azpimarratzekoak dira beste gazte batzuek eginiko lehiak ere. Hor dira, besteak beste, Andoni eta Bittor Esparta anaiak, Gorka Ruiz eta Eneko Carretero.