GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Faboritoek hutsik egin gabe jarraitzen dute


Ez da ezusterik izan, eta faboritoen zerrendan agertzen ziren lau aizkolariek egin dute Urrezko Aizkoran aurrera. Herenegun Jexuxmari Mujikak eta Luix Txapartegik lortu zuten helburua, eta atzo, berriz, Julen Kañamaresek eta Xabier Zalduak.

Txapelketa aurrera doa, eta honekin batera kirolarien maila ere gorantz doa. Agerian geratu da hori, norgehiagoka politak ikusi baitira azkeneko bi jardunaldi hauetan.

Larrea III.a, Resano, Etxeberria II.a, Txapartegi, Mujika eta Alberdi neurtu ziren herenegun Atxurin. Bi aizkolarik egiten zuten aurrera, eta azkenean ez zen ezusterik izan. Mujika eta Txapartegi ziren bi aizkolaririk ezagunenak, bai eta eskarmenturik handiena zutenak ere, eta garbi utzi zuten oraindik goian ibiltzeko moduan daudela. Bietako inork ez zuen hutsik egin, eta egin beharreko guztiak egin eta aurrera egin zuten.

Atzo ere Bilbon izan zen norgehiagoka, eta han ere beste sei aizkolari lehiatu ziren. Kañamares III.a, Irazabal, Kortxero, Rodriguez I.a, Rodriguez II.a eta Zaldua. Hemen ere Kañamares eta Zaldua ziren aurrera egiteko faborito nagusiak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin eta aurrera egin dute. 

Sailkatzea lortu duten lau aizkolarietatik hiruk lehen saioa zuten asteburu honetakoa, baina bigarrena zen Xabier Zalduarentzat. Zumarragakoak bietan lortu du aurrera pasatzea, eta hirugarren kanporaketan ere han izango da. Atzoko saioan biek eman zuten oso itxura ona, bai Kañamares III.ak bai Zalduak, eta azkenean, herenegun bezalaxe, ez zen inolako ezusterik izan eta hasieran iragartzen ziren lau aizkolariak izango dira hurrengo kanporaketan.

Harri-jasotzea

Datorren igande arratsaldean jokatuko da Adunan Gorostidi Harria txapelketa. Azken urte hauetan sekulako arrakasta lortzen ari da. Iñaki Gorostidiren gidaritzapean jokatzen den lehiaketa honek sekulako indarra hartu du, eta igandean ere punta-puntako harri-jasotzaileak izango dira Adunan, Aimar Irigoien buru dutela.

Datorren igandean, 18.00etatik aurrera, Adunako pilotalekuan arituko den kirolari bakoitzak bost harri ezberdin erabili beharko ditu. 139 kiloko harri baldarra, 150eko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 160ko zilindro zaharra eta 175 kiloko zilindro zaharra. 185 kiloko zilindro zaharra esku bakar batez jasotzen duenak, berriz, 500 euro jasoko ditu.