GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakasleak ahalduntzeko bideak aztertu dituzte ikastolek Gasteizko jardunaldian


Zer behar du irakasle on batek bere ahalmen guztiak garatzeko?»; galdera horren zenbait erantzun jarri zituzten mahai gainean atzo, Ikastolen Elkarteak Gasteizen egin zuen profesionalen bilkuran. Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen 23. edizioko bigarren lan jardun honek irakaslearen figura izan du ardatz, aurrekoan eskola jazarpena eta Kiva programa ospetsua jorratu ostean.

Oraingoan, irakaslearen lana eta bere garrantzia erakustea izan da saioaren helburua eta gaia sakonago aztertzeko zenbait aditu gonbidatu zituzten. Hala, Santiago Moll irakasle eta irakasle prestatzailea eta hezkuntza gaietako blogari ezagunak hartu zuen parte. Goizean, hitzaldia eskaini zuen geletan irakasle aritzen diren hainbat profesionalen aurrean eta arratsaldean denboraren kudeaketari buruzko tailer bat eman zuen.

Hizlarien artean Enrique Zuazua matematikari ezagun eta katedraduna ere izan zen “Irakasten ikasten” gaia lantzen, eta Irene Larraza Tolosako Laskorain ikastolako lehendakariak irakaslearen eta ikastolaren arteko loturaz hitz egin zuen.

«Praktika on eta tailerrak»

Goiuri jauregiko aretoa beteta, hitzaldien ondoren, «praktika on eta tailerrak» atalean, «ekintzailetasuna» jorratu zuten ikastoletako profesionalek zenbait ikastolaren esperientziak aztertuta. Era berean, «bakarkako tutoretzaren» inguruan ikastetxean duten eskarmentua azaldu zuten Ordiziako Jakintza ikastolako ordezkariek.