2016 API. 22 Harri-jasotzea Inaxio Perurenak 308 kilokoa jasotzen saiatu nahi du Leitzan J.L. Inaxio Perurenak marka ahalegina egingo du bihar eguerdian, 12.30ean Leitzako Amazabal pilotalekuan. Bertan 308 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdintzen saiatuko da. Horretarako bost minutuko txanda bat izango du aurretik. 305ekoa otsailaren 27an berdindu zuen bizkarrean, eta orain hiru kilo erantsi eta horrekin plazaratuko da. Udaberrian gaude, eta udako erakustaldiak hasi aurreko data hauek baliatu nahi ditu markak egiteko, eta horretara joango da. Jendeak ondo erantzungo duela aurreikusten da, aurreko saioetan ere mordoxka bildu baita leitzarra animatzera. Gainera, ez da sarrerarik kobratuko; gero poltsa pasatuko dute, nahi duenak dirua eman dezan. Mieltxo Saralegi da kilorik gehien jaso dituen gizonezkoa, eta atzetik Iñaki Perurena dago. Hirugarrena da Inaxio, eta apurka-apurka bere aitak duen markara gerturatzen joan nahi du. Aitzurlariak Bihar eguerdian, 12.00etan, Burguko pilotalekuan jokatuko da Arabako aitzurlarien finala. Kirol honetan Arabakoa da Euskal Herrian jokatzen den lehiaketa ofizial bakarra. Inoiz baino aitzurlari gehiago arituko dira finalean, bost izango baitira. Orain artekoetan gehienez lau izan dira, baina apurka-apurka gorantz doa. Ruiz de Azua lehen aldiz arituko da, eta Velez de Mendizabal itzuliko da. Franco, berriz, aurten ez da arituko. Lopez, Llanos, Velez de Mendizabal, Ruiz de Aretxabaleta eta Ruiz de Azua lehiatuko dira. Oin bateko bi enbor eta 45 ontzako beste bi erdibitu beharko ditu kirolari bakoitzak. Llanos eta Lopez dira irabazteko bi faboritoak.